naiz
donostia

Nestor Basterretxearen obrak garrantzi berezia izango du Donostiako Euskal Jaietan

Irailaren 4tik 14ra ospatuko dira aurten Donostiako Euskal Jaiak eta iragan uztailean zendu zen Nestor Basterretxeari keinu bat egingo diote eta bere obrak izango dira antolatutako hainbat ekitaldietako ardatz nagusi.

Juan Karlos Izagirre, erdian, beste udal arduradun eta ordezkariekin batera Euskal Jaien aurkezpenean. (DONOSTIA KULTURA)
Juan Karlos Izagirre, erdian, beste udal arduradun eta ordezkariekin batera Euskal Jaien aurkezpenean. (DONOSTIA KULTURA)

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Kultura eta Euskara arduradunak, Nerea Izagirre San Telmo Museoko teknikariak eta Nerea Vesga Kukai dantza konpainiako kideak aurkeztu dituzte gaur eguerdian Donostiako Euskal Jaiak.

Hilaren 4tik 14ra ospatuko dira eta oraingoan iragan uztailaren 12an hil zen Nestor Basterretxea euskal sortzailearen obra hartuko dute ardatz antolatutako hainbat ekintzek.

Eskultorearen obra eta euskal kosmogonia hobeto ulertzeko bisita gidatu bi egongo dira datorren ostegunean eta larunbatean, 18:00etan San Telmo Museoan. Doan eta euskaraz izango dira. Eta ostegunean, 19:00etan, Kukai dantza konpainiak Gelajauziak ikuskizuna aurkeztuko du Zuloaga plazan, Akelarre eskulturaren inguruan. Artelan hau plazan egongo da datorren astelehenetik ostiralera. Larunbatean, berriz, euskal mitologia eta sorkinkeriari buruzko helduentzako ipuin kontaketa eskainiko du Koldo Amestoyk, 20:00etan museoko ekitaldi aretoan.

Estropadez harago

Estropadak izango dira ekintza jendetsu eta koloretsuena, baina Euskal Jaiak estropadaz harago doazela azpimarratu dute gaur arduradunek, eta aurten ere, kirola, gastronomia eta kultura uztartuko ditu 66 ekintzaz osatutako jai egitarauak.

Festa «bereziki herrikoiak, parte hartzaileak eta euskal kulturan oinarritutakoak» direla adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Nerea Txapartegik, bestalde, kantu-jira, erromeria edo herri dantzen bidez, ikusle ez ezik, partaide ere izateko aukera egongo dela nabarmendu du, eta horretarako dei egin die donostiarrei.