@gara_miantzi
DONOSTIA

Donostia 2016 errealitate bihurtzeko asmoz etorri da Pablo Berastegi zuzendaria

Pablo Berastegi Donostia 2016 proiektuaren zuzendari berriak herritarren parte-hartzea sustatuko dutela adierazi du izendatu zutenetik egin duen lehen agerraldian. Egitasmoa «lurrera» jaitsiko dutela esan du, ekintza zehatzen bidez.

Ikerne Badiola, Juan Karlos Izagirre, Pablo Berastegi eta Cristina Uriarte. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ikerne Badiola, Juan Karlos Izagirre, Pablo Berastegi eta Cristina Uriarte. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Eason kokatutako 2016 Gunean, gosari informal batean aurkeztu dute proiektuaren zuzendari orokorra, Pablo Berastegi iruindarra. Besteak beste Madrilgo Matadero sorkuntza garaikideko zentroko koordinatzaile izandako kultur ekoizleak Donostia 2016 proiektua errealitate bihurtu dadin laguntzera datorrela adierazi du. «Kulturaren ospakizun» gisa ulertzen du berak egitasmoa.

Azaldu duenez, era ezberdin batean egin nahi dituzte gauzak, herritarren parte-hartzea sustatuz. Kultura ulertzeko modu berri bat izateaz gain, antolaketarako bertze eredu posible bat erakusteko ere aukera ere bada Berastegirentzat. Proiektua «lurrera jaisten joanen» direla iragarri du, ekintza zehatzen bidez.

Zuzendari izendatu berriarekin batera izan dira prentsaurrekoan Patronatua osatzen duten erakundeetako ordezkariak eta hiriburutza lantaldea. Hain zuzen, Cristina Uriarte Lakuako Kultura sailburua, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea izan ditu ondoan nafarrak.

Alkateari goizean Hasier Arraiz Sortuko presidenteak adierazitakoari buruz galdetu diote kazetariek. Berastegik berak aitortu duenez, aita euskalduna izan arren, berak ez daki euskaraz, «oraindik», egin du ñabardura. Eta Arraizek Radio Euskadin egindako elkarrizketan erran duenez, «akatsa» izan da pertsona ez euskaldun bat 2016 proiektuaren gidari hautatzea. Onartu du ahalegin handia egin behar izan dela adostasuna lortzeko, baina garbi utzi du ezin dela «euskara sakrifikatu».

Kontu honen inguruan, zuzendari berria aukeratu zezaketen «onena» dela berretsi du Izagirrek eta berak euskara ez jakinda ere proiektua euskalduna dela ziurtatu du. Horren erakusgarri, bulegoko lantaldearen %95 euskalduna dela jakinarazi du.