Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Unai Villena elgoibartarrak irabazi du Igartza literatur saria

Unai Villenak (Elgoibar, 1980) eskuratu du aurten Igartza literatur saria ‘Hauts haietatik’ nobelarekin. Ander protagonistaren eskutik 90. hamarkadara egingo dugu salto.

Unai Villena, Igartza jauregian, Beasainen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Unai Villena, Igartza jauregian, Beasainen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Anderrek 33 urte ditu. Oraintxe atera da psikiatrikotik. Droga menpekotasunaren eta eskizofreniaren menpe egin behar dio aurre egunerokoari. Oier laguna izango du ondoan. Idazlea da eta harengana joko du Anderrek bizitzaren joan-etorria ulertu nahian garai bateko gertaerei buruz idatz dezan eskatuz.

Kontakizuna hiru planotan garatuko da. Oierrek Anderri zuzendutako kapituluak izango dira abiapuntua; Anderrek berak bere bizitzako pasarteak kontatzen idatzitakoak etorriko dira ondoren, eta albo-pertsonaien inguruko kontakizunekin osatuko da nobela.

Belaunaldi eta gizarte baten kronika da ‘Hauts haietatik’. «Zeharka bada ere lagunartea, jaiak, musika, drogak, borroka, sexua, ikasketak eta gizon-emakumeen arteko harremanak bizitzeko dugun modua agertuko dira», aurreratu du Villenak. 

Biografia, autofikzio eta fikzio hutsa uztartuz idatziko du Villenak nobela. Urtebeteko epea du. Gogotsu dago. «Buruan daukadanaren zenbat eta antza handiagoa izan liburuak, hobe. Izan ere, horixe da idaztea», dio.

Hamazazpi urte dira Elkar argitaletxeak, Beasaingo udalak eta CAF enpresak Igartza saria ematen dutena. Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Danele Sarriugartek osatu dute epaimahaia