@gara_miantzi
DONOSTIA

Pobreziaren eta desberdintasunen gaineko aurreiritziak hankaz gora jarriko dituzte bertsotan

Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek estereotipoak hautsiko dituzte, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen eta Donostiako Udalaren «Mundu Zabala, errealitate anitz» jardunadian. Ostegun honetan izanen da bertso saioa, 18.30ean Donostiako Catalunya Plazan, Grosen.

Jardunaldia aurkezteko antzezpena egin dute Bulebarrean. (GAUR.DONOSTIA)
Jardunaldia aurkezteko antzezpena egin dute Bulebarrean. (GAUR.DONOSTIA)

Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek estereotipoak hautsiko dituzte, Euskadiko Garapeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen eta Donostiako Udalaren «Mundu Zabala, errealitate anitz» jardunadian. Ostegun honetan izanen da bertso saioa, 18.30ean Donostiako Catalunya Plazan, Grosen. Pintxo potea ere egun horretantxe da eta jendearekin, bereziki gazteekin egon eta informazioa helarazteko aukera ona izanen dela espero dute. Lehenbiziko aldia dute sentsibilizazioa egiteko bertsoak baliatuko dituztena, eta denak gonbidatu dituzte bertara, baita iniciativaquienesquien.org webgunea bisitatzera eta #quienesquien traolarekin ekimena sare sozialetan jarraitzera ere.

Herritarren konplizitatea lortzea eta zurrumurruei aurre egitea ez da erraza; hala baieztatzen dute Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko ordezkariek. Adibidez, batzuek uste dute gerrek ez diotela inori onurarik ekartzen, edo pobreek ez dutela lanik egin nahi. Badakite ideia horiek aldatzea kosta egiten dela, baina horretan saiatuko dira gaur goizean Mertxe Digon eta Iñigo Odriozola koordinakundeko kideek eta Jon Albizu Donostiako Udaleko Lankidetzako zinegotziak aurkeztu duten jardunaldian. Antzezpen ttiki batekin azaldu dira hedabideen aitzinera, Donostiako Bulebarreko kioskoan: pobrea umea besoetan kulunkatuz, militarra armarekin hauek mehatxatuz, aberats bikotea dotore jantzita diru zorroak eskuetan... Pertsonaia horien bidez, herrialde pobretuen errealitatea herritarrengana gerturatu, koordinakundea osatzen duten GKE-en lana ezagutarazi eta pobrezia eta desberdintasuna sortzen duten eragileak salatu nahi izan dituzte.

iniciativaquienesquien.org-en Zein da zein kanpainaren eta GGKEen lanaren informazioa dago bilduta. Bi bideo ere ikus daitezke. Hirugarren ikus-entzunezkoa bertso saioan aurkeztuko dute. ‘Gerraren negozioa’ du izena eta gatazka armatuen ondorioak erakusten ditu. Sentsibilizazio kanpainan parte hartzeko modu bat izan daiteke bideo hauek sare sozialen bidez zabaltzea norbere inguruan. Ekimenaren sustatzaileen arabera, bakoitzaren ingurutik hasita aunitz aurreratu daiteke bertze mundu bat eraikitzeko bidean.