Nerea GOTI
BILBO

Iritsi da .eus domeinu-izenak eskatzeko unea

Gaurtik zabalik dago .eus domeinua-izenak eskatzeko epea. Lehenengo fase batean, azaroaren 18ra arte, enpresa, elkarte eta instituzio publikoen eskaerak bideratuko dira bereziki, eta horiek abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean aktibatuko dira. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da bestelako eskaera motak jasotzeko.

.eus domeinuaren fase berriaren aurkezpena Bilbon egin dute. (ARGAZKI PRESS)
.eus domeinuaren fase berriaren aurkezpena Bilbon egin dute. (ARGAZKI PRESS)

.eus domeinua abian da jada interneten, ekainaren bukaeratik. Aitzindariak dira aktibatuta dauden domeinu izenak, zenbait erakunde, elkarte eta komunikabideren kasuan, tartean NAIZ bera. Orain zabaltzen den abiarazte epeak lehengo fase bat izango du instituzio, enpresa eta elkarteentzat, eta Erregistro Orokorra zabalduko da bigarren fase batean.

Urte amaiera bitartean 2.000 domeinu aktibatzea espero du euskara eta euskal kulturaren komunitatearen domeinua kudeatzen duen PuntuEus Fundazioak, eta 5.000 urte baten epean.

Horrela azaldu du Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldi batean, Josu Waliño fundazioaren zuzendariak. Zehaztu duenez, azaroaren 18ra arte, batez ere elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu-izenei bideratuta dago planifikazioa, eta eskera horiek babesteko balioko du. Izan ere, «fase honetan domeinu-izenak dagokienei ematea bermatu nahi da» eta ICANNekin hitzartutako irizpideak oso kontuan hartuko dituztela azaldu dute.

Eskaera horiek ez dira momentuan aktibatuko. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera izango dira ikusgai interneten. Egun horrek zehaztuko du fase berri baten hasiera, orduan zabalduko baita Erregistro Orokorra.

PuntuEus fundazioaren zuzendariak ondoan izan ditu Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Itxaso Compañon Compañon upategiko arduraduna, Matxalen Ziarsolo Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Aines Dufau Ikas euskal pedagogia zerbiztuaren arduraduna eta Jose antonio Gartzia Zumaiako merkataritza indarberritzeko plataformaren lehendakaria.

Domeinu-izena izateko eskaera aurkeztuko dute guztiek eta, nabarmendu dutenez, «pozteko eguna» da gaurkoa euskara bultzatzeko, «nortasuna» adierazten duelako eta erabiltzaileentzako «hurbiltasuna» eskatzen duelako.