@GARA_miantzi
Donostia

‘Gora euskal errepublika’ mobilizazio nazionalak hartuko ditu Bilboko kaleak urriaren 12an

Independentistak sareak ez du ohiko manifestazio bat egin nahi, mobilizazio dinamiko eta parte-hartzaileago bat baizik. Ideia Bilboko Kale Nagusia okupatu eta aldarrikapenak guztien artean lantzea da. Herri eskoziar eta katalanarekin bat egiteaz aparte, zerbait gehiago egiteko garaia dela deritzo sareak eta kolektibo eta pertsona guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera.

Independentistak sareak Donostian aurkeztu du ekimen berria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Independentistak sareak Donostian aurkeztu du ekimen berria. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Eskoziar eta kataluniar banderen erdian ikurrina bat, eta independentisten izar berdea atzean, hala aurkeztu dute Unai Apaolaza eta Maider Carrere sareko ordezkariek urriaren 12ko mobilizazio-ekimen nazionala. Ondoan izan dituzte Mikel Arreseigor, Esti Mujika eta Txutxi Ariznabarreta, 11.30ean Plaza Zirkularrean biltzeko deia egiten duten kartelei eusten. «Ospatuarazi nahi diguten» hispanitatearen jaia egun aproposa iruditzen zaie «Euskal Herriaren eta munduko herri guztien askatasunaren aldeko aldarrikapena» kaleratzeko. ‘Gora euskal errepublika’ izanen da lelo nagusia, eta ‘Bagoaz. Caminando hacia la independencia’ bigarrena.

Kataluniak eta Eskoziak berotutako uda amaiera honetan Euskal Herriak ere «bere etorkizunaz era serioan hausnartu eta prozesu independentista baten bidean urratsak egiteko garaia» baduela-eta, hitzordu zehatz bat jarri dute. Plaza Zirkularretik Eliptikora tartean ibiliko da jendea, espaloian gora eta behera, Kale Nagusia alor, sektore eta jendarte kolektibo desberdinen aldarrikapenek betetzen duten bitartean. XXI. mendeko euskal independentismoaren ezaugarriak kaleratu nahi dituzte: «Euskal herritar guztiontzako etorkizun aukera; alor, sektore eta jendarte kolektibo guztien nahi eta beharrei erantzuten dien aukera…». Hala, euskal estatua egunero sortzen eta eraikitzen ari garela adierazi nahi dute.

12.30ean sirena edo zarata handi batek kalea okupatzeko deia eginen du eta Plaza Zirkularretik aterako den pankarta igaro ahala jendeak Kale Nagusia beteko du. Pankarta Plaza Eliptikora ailegatzean amaiera ekitaldia eginen da. Eszenaratze honekin, frankismo garaiko manifestazio ilegalak oroituko dituzte (horietan, espaloietan ibiltzen zen jendea txistu edo zarata jakin batekin bat-batean manifestazioa hasi arte. Bertze txistu batekin polizia heltzear zela eta alde egiteko ordua zela abisatzen zen). Ordutik, «ukazioa eta inposaketak berdin mantentzen direla» salatuko dute.

Mobilizazioaren deitzailea Independentistak sarea da, baina arlo eta kolektibo guztietako jendea gonbidatu dute eurekin bat egitera, baita euskal herritar guztiak ere, independentismoaren indarra erakutsi eta Bilboko kaleak betetzeko. Autobusak lehenbailehen antolatzen hastea gomendatu dute.