NAIZ
IRUÑEA

Nafarren euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko kanpaina abiatu du Kontseiluak

Euskaraz bizitzeko nahian urratsak emateko «Hamaika egun» kanpaina jarri du abian Kontseiluak Nafarroan. Apirilaren 25ean Anaitasunan ekitaldia egingo dute.

Kontseiluaren baitan biltzen diren erakundeetako ordezkariek, Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera, agerraldia egin dute Iruñean, «Hamaika egun» kanpaina eta haren bideoa aurkezteko.

«Nafarroan sistematikoki aplikatu den eta aplikatzen den hizkuntza-politikak euskara eta euskaldunak baztertzeko helburua izan du. Nafarroako Gobernuak urte luzeotan helburu hori erdiesteko estrategia eta modua eraldatzen eta egokitzen joan da. Hasi Vascuencearen legea euskara itotzeko erabiltzetik, pasa ingelesaren hedapen faltsua baliatzetik eta segi euskalgintza itotzeko hartutako neurri ekonomiko zein desprestigiatze kanpainetatik», esan du Bilbaok.

Nabarmendu duenez, «hamaika bizipen ditu euskaraz bizi nahi duenak». «Oraintxe bertan, heldu aroan euskara ikasteko grina duten milaka lagun ari da Euskal Herri osoan euskaltegietan izena ematen euskaraz bizitzeko. Nafarroan, urteko 6.000 lagunetik gora ematen du urrats hori», azpimarratu du Bilbaok.

Nafarroan Kontseiluaren mahaia osatzen duten eragileek azken urteotan garatu duten elkarlanari bide emanez nafarren euskaraz bizitzeko nahia elikatu eta norabide horretan urrats praktikoak eman ditzaten eragingo dutela esan du Kontseiluko ordezkariak.

Azkenik, euskara ikasteak «bizi esperantza zirraragarriak» eskaintzen dituela gogoratu ondoren, apirilaren 25ean Anaitasunan egingo duten ekitaldirako deia ere egin du Bilbaok.