Haritz LARRAÑAGA
EDINBURGO

Baiezkoak kalean

Edinburgoko bozkaleku gehienetan ezezkoen aldekoak omen dira nagusi, baina orokorrean, baiezkoen presentzia nabarmenagoa da. Craigmillar auzoan urdina da nagusi. Irlandako langile auzoen antza handia duen eremu honetan independentziaren aldekoak kalean daude, biztanleengana zuzendu dira baiezko boza eman dezaten animatzera eta, pixkanaka, batu dira, errepide ondoan jarri duten informazio gune baten ondoan.

Speaker bat mikroa eskutan, Craigmiller auzoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Speaker bat mikroa eskutan, Craigmiller auzoan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Manhattanekoa baina askoz txikiagoa den asktasunaren estatua bat urdinez margotu dute eta haren inguruan bildu diren independentzia zaleek deitu dute goizeko hamaiketarako auzoa zeharkatu behar duen martxa. Ordurako, datu ofizialen arabera, eskoziarren %18ak jada bere botoa eman du, baina oraindik eguna luzea da, emaitzak bihar goizean jakingo dira eta independentzia zaleek eskura duten guztia egingo dute jendea baiezko boza ematera gerturatu dadin.

Etxebizitzak pilatuta dituen solairu askoko bi dorreren azpian elkartu da jendea eta Las Vegasetik etorritako gaita jole batek ireki du martxa. Ondoan den haur eskolako irakasleak leihora hurbildu dira, Castlegreen zahar-etxeko langileek, berriz, haien bezeroak atera dituzte eta gurpil-aulkiei tiraka martxan doaz bozkalekura. Jendea ezkaratzera atera da irribarre batez onespen keinu bat egitera. Ez da ezezko txartelik auzo honetan.

Etxeko atea ireki eta lorategira atera den adineko emazte batek zutik sostengatzen duten bi makuluetako bat altxatzeko indar sobera izan du eta erortzeko zorian egon bada ere, irribarrez agurtu ditu bere auzoko lagunak.

Plaza txikietan geldialditxoa egin eta baiezko botoa emateko arrazoiak adierazi ditu speaker-ak megafonia txiki baten laguntzaz. Inguruan, Eskoziako banderekin jantzi dituzten txakur txikiak ditu itzul biraka. Erreportari eta kazetariek bere esanak grabatu dituzte, edo iruditan hartu dute kamera handiekin. Artean, hizlariak langile klaseak eta beraiena bezalako auzo batek aurrera begira dituen erronkak aipatu ditu eta jarraitzaileek «Yes, Yes, Yes,...» ohiukatuz txalotu dute.

Martxak aurrera jarraitu du, oso koloretsua da, zentzu askotan, izan ere nabarmen da parte-hartzaile gehienak maila sozial apalekoak direla, baina ñabardurak ere badira, esaterako janzkerari dagokionean.

Eskoziako sarri egiten duen eguraldia egiten du, alegia, lainoa eta hotza dira nagusi baina bada tiradun eslatiko, bainujantzi eta txankletekin dagoenik ere, Karibeko hondartza tropikal batean balego bezala, bere ondoan dagoenak, aldiz, burua artilezko txano batekin estalia darama, eta zamarra goraino zerratua du. Punki itxurakoak badira, eta baita gorbatadunak ere, haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak, denek egin dute bat.

Martxa Pulling Station plazaren ondoan amaitu da, handik pasa behar du boza eman behar duen orok. Sarreran, independentziaren kontrakoak daude, patxada miresgarrian. Edinburgoko beste auzoetan agian ez da horrela izanen, agian auzo honetan ere ezezkoak irabaziko du, baina kalean, Craigmillar auzoan, lema bakarra entzuten da, bai, bai, eta bai. Independentziari BAI.