@GARA_rpascual
BILBO

Eguraldiari buruzko informazio zabal eta zehatza, NAIZen klik bakar bat eginda

Etengabeko berrikuntza prozesuaren baitan urrats berri bat eman du NAIZek eta klik bakar bat eginda informazio meteorologiko zabala eta zehatza jarri du erabiltzaileen esku. Euskal Herriko, Europako eta mundu zabaleko informazioa eskuragarri dago.

Informazio meteorologiko zabala eskainiko du NAIZek aurrerantzean.
Informazio meteorologiko zabala eskainiko du NAIZek aurrerantzean.

Euskal Herrian, mundu zabalean edota gure geografiako herri jakin batean izango den eguraldiari buruzko informazio zabala klik bakar batera eskuragarri jarri du NAIZek.

Atal berezi honetarako sarbidea webgunearen goikaldean ageri den eguraldiaren ikonoan edo tenperaturan klikatuta egin daiteke. Euskal Herriko herri guztietako iragarpen eta informazio meteorologikoez gain, gure mugetatik gertu dauden beste herrialde batzuetakoak, Pirinioetakoak eta, urrunago joanez gero, Europa eta mundu zabalekoak eskuragarri daude, xehetasun guztiekin.

Berrikuntza honi esker, erabiltzaileek oso modu errazean jaso ahalko dute aukeratutako tokiaren inguruko informazioa: gehieneko eta gutxieneko tenperaturak, haizea, euria egiteko aukera edota egunsenti eta ilunabarraren ordu zehatza.

Iragarpen orokorraz gain, zehaztasun gehiago nahi duenarentzat eguneko ordukako iragarpena kontsultatzeko aukera ere eskaintzen du atal honek, hiru orduko tartearekin.

Aurrera begira, berriz, hurrengo hamabost egunetarako iragarpenaren berri ere ematen du webgune berezi honek.

GARAko orrialdeetan egunero-egunero irakurtzen dugun Joxe Landa eguraldi adituaren iragarpenak ere izango du bere tokia txoko berri honetan.

Horrez gain, mareak, ilargiaren egutegia, bilaketak egiteko aukera ere eskura izango dute erabiltzaileek.