Arantxa MANTEROLA
URRUÑA

Hego Lapurdik, Bortziriek eta Txingudik euskara sustatuko dute Sareuskaren bidez

Hego Lapurdi hiriguneak, Bidasoa-Txingudi Partzuergoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskara sustatzeko, Sareuska deituriko sarearen bidez.

Sareuska sarearen aurkezpena Urruñan egin dute. (Sylvain SENCRISTO)
Sareuska sarearen aurkezpena Urruñan egin dute. (Sylvain SENCRISTO)

Peyuco Duhart eta Michel Ibarlucia, hurrenez hurren Hego Lapurdi hiriguneko presidenteak eta euskara arduranak; Jose Antonio Santano Bidasoa-Txingudiko Partzuergoko lehendakariordeak eta Ander Almandoz Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariordeak 2014-2017 epealdirako elkarlanean hizkuntza politika garatzeko hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Urruñan.

Xede horrekin, Sareuska deituriko «mugaz gaindiko» sarea sortu dute, 2013an eta 2014an «elkarren artean hobeki ezagutzeko eta egingarri izan daitezkeen lan ardatz batzuk zehazteko» izandako topaketa eta mintegien ondoren.  

Hiru lurraldeetan ekintza bateratuak antolatuko dituzte euskararen ikusgarritasuna hedatzeko eta esparru askotarikoan, (administrazioan, merkataritzan, turismoan, herrigintzan…) erabilpena sustatzeko.

Lehen ekimena udazken honetan bertan egingo dute, Irunen. Euskara dakitenei eta ikasten ari direnei elkarrekin hitz egiteko parada emango diete Mintzodromoa ekimenaren bitartez. Horrez gain, hiru administrazioen arteko barne komunikazioa euskaraz izatera ere engaiatu dira.