@arianekamio
Donostia

‘La isla minima’: Polizia paduran

Alberto Rodriguezen ‘La isla minima’ film luzeak abiatu du Zinemaldiko 62. edizioko lehia ofiziala. Madrildik Andaluziara bi neskatoren desageketa ikertzera doazen bi poliziengan oinarrituta, kasuaren nondik norakoak segurtasun indarren estamentuetan dagoen ustelkeriarekin nahasten ditu.

Filmeko protagonistak eta zuzendaria Donostian izan dira larunbat goizean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Filmeko protagonistak eta zuzendaria Donostian izan dira larunbat goizean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Guadalquivir ibaiaren paduran desagertu diren bi neskatoren kasua argitzera joan dira Juan eta Pedro bi polizia madrildar. Frankismo osteko urteak dira eta Poliziaren metodoei kritika leuna egiten die Alberto Rodriguezen film berriak.

Juan (Javier Gutierrez) frankismo garaiko polizia izandakoa da, torturatzailea eta baita manifestari baten heriotzaren erantzulea ere. Urteetan atzerago gertatutakoaren gainean isiltasuna da nagusi, nahiz eta Pedrok (Raul Arevalo) badakien gertaera zenbaiten ardura baduela.

Droga trafikoa eta polizien artean zenbait gertaeren aurrean ez ikusiarena egitea ere tartekatzen dira ‘La isla mínima’n, Sail Ofizialeko lehia ireki duen film luzean.

80ko hamarkadan oinarrituta dago eta, zuzendariaren esanetan, «garai hartako egoera sozio-politikoa historia nagusiaren azpitik doan errekastoa bezalakoa da». Rodriguezek 2013an idatzi zuen filmaren gidoia eta hamarkada hartako egoera zenbaitek gaur egungoekin antzekotasunak badituztela nabarmendu du. «80ko hamarkadan sekulako krisi ekonomikoa zegoen Espainian, eta abortoaren auzia ere puri-purian zegoen; gaur egungo ispilu modukoa da».