Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Giza eskubideen defentsan 30 urte bete ditu EHGEDBk Ipar Euskal Herrian

Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordeak (EHGEDB) 30 urte daramatza Ipar Esukal Herrian eskubideen urraketak salatzen, batez ere euskal iheslariek pairatutakoak. Larunbatean hainbat ekitaldi antolatu ditu Baionan.

Koko Abeberry, Annie Arroyo eta Mixel Berger, EHGEDBko kideak. (Sylvain SENCRISTO)
Koko Abeberry, Annie Arroyo eta Mixel Berger, EHGEDBko kideak. (Sylvain SENCRISTO)

Gaur goizean Baionan Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordeko (EHGEDB) Koko Abeberry, Mixel Berger, Annie Arroyo eta Claire Frossardek gogoratu dute zein tesutinguru nahasi eta berezian sortu zen EHGEDB: François Mitterrand eta Felipe Gonzalez sozialistak bi estatuten buru zeudela, Popo Larre IK-ko militantearen desargertzea, errefuxiatuen aurkako errepresioa gero eta bortitzagoa, estradizioak, deportazioak, GALen ekintzak…

Berez LDHri (Giza Eskubideen Defentsarako Liga) zegokion lana betetzen ez zuela ohartuta, 30 bat lagunek eskubideen defentsa, elkartasuna eta salaketaren premiaren aitzinean abiatu zuten ibilbidea, egun oraindik jarraitzen duena.

Izan ere, beren nahia behinena elkartea desagertzea bada ere, «zoritxarrez oraindik zer egina» badutela diote. «Aktualitateak Euskal Herrian bakea errotzeko asko falta dela erakusten baitigu» esan dute, Madrilen une honetan berean 28 gazteren kontrako epaiketa adibidetzat hartuta.

30 urteko ibilbidearen karietara ‘Jakilea’ aldizkariaren ale berezia argitaratu dute eta larunbatean, Baionako Polo Beyris auzoko elkargunean, hainbat ekimen antolatu dituzte 16.00etatik goiti. Hala, Daniel Velezen argazkien erakusketaz gain, 17.00etan Michel Tubiana Frantziako LDHko presidente ohiaren hitzaldia izango da Euskal Herrian giza eskubideen egoera aztertzeko. Lau Haizetara abesbatzaren emanaldiarekin eta zintzur-bustitze batekin amaituko dute ekitaldia. Ez, ordea, beren lana, behin eta berriro nabarmendu duten moduan, giza eskubideen urraketa eguneroko ogia izaki, «erne jarraitu behar baita beren defentsan».