@arianekamio
Donostia

Loreetara ze gutxi ohituak gauden

Loreak oparitzeko ez da arrazoi berezirik behar, loreak baino ez dira. Baina haien atzean egon daiteke esanahi berezirik. Harremanen zailtasun eta berezitasunak ere agerian gera daitezke sorta bakar batekin. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak aurkeztu dute lan berria.

‘Loreak’ filmeko lantaldea, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Loreak’ filmeko lantaldea, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ane (Nagore Aranburu), Lourdes (Itziar Ituiño) eta Tereren (Itziar Aizpuru) arteko harreman triangeluarrean oinarritu dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenagan ‘Loreak’ lanean. Haien erdian da Beñat (Josean Bengoetxea) eta lore sorten joan etorriak harilkatuko ditu guztien arteko loturak.

Film intimistagoa da hau. Baditu antzekotasunak ‘80 egunean’ lanarekin, aktoreen artean, kasu. Itziar Aizpuru beraiekin lanean izan da berriro eta Mariasun Pagoagak ere egiten du agerraldi txiki bat. Estetika ere asko zaindu dute bi zuzendariek. Baina ‘Loreak’ lan poetikoagoa da, traman gehiegi sakondu ez baina ikusleari egoera patxadaz begiratzeko aukera ematen diona. Badu kallitate berezi bat; lehia ofizialean parte hartzen duen lehenengo euskarazko filma da. Eta hori nabaritu da Kursaaleko emanaldian; jendetza bildu da.

«Loreak ez dira ezer, bakoitzak ematen die nahi duen esanahia», azaldu du Goenagak prentsaurrekoan, Garaño eta gainontzeko aktore guztiekin batera. Esan dutenez, errepidean loreak ikustearen irudia oso deigarria egin zitzaien, «irudi horrek edonoren irudimena abian jartzen du». Hortik aurrera, zinema beltza eta erromantikoa nahastu dituzte, lore horien atzean dagoen istorioa biltzeko.

Aktoreen lana asko landu dutela nabarmendu dute. «Ariketa polita izan da beraien hizkera eta esateko moduetara egokitzea, gidoia berridazten delako eta beraiek ere pertsonaian sartzen doazelako».