NAIZ
BILBO

Bakartzeak eta sakabanaketak Iparragirreren egoera okertzen duela salatu du Sarek

Ibon Iparragirreri zigorra espetxean betetzea ukatu diotela-eta, Sarek nabarmendu du kartzelak gaixotasun larriak dituzten presoen egoera okertu besterik ez duela egiten. Eskubide urraketekin eta gaixo dauden presoek pairatzen duten egoera «injustuekin» bukatzeko «sare herritar indartsu eta zabala» osatzeko deia egin dio jendarteari.

Mobilizazioa Ondarroan Ibon Iparragirreren askatasuna aldarrikatzeko. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Mobilizazioa Ondarroan Ibon Iparragirreren askatasuna aldarrikatzeko. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Sarek oharra kaleratu du Ibon Iparragirreren egoera dela-eta. Atzo jakin zen Jose Luis Castro espetxe-zaintzako epaileak zigorra espetxean betetzea aurreikusten duen 100.2 artikulua ukatu egin diola.

Sarek gogora ekarri du preso ondarroarrak hiesa duela eta gaixotasun horrek neurologikoki eragiten diola. Espetxeko erizaindegian bakartua dute Iparragirre eta, ondorioz, «ez du harremanik kideekin, bere bakardadea areagotzen da eta, zerbait gertatuz gero, ez dago lagunduko dion kiderik ondoan». Horrek guztiak «bere osasun arazoa okertu baino ez du egiten», salatu du.

Horretaz gain, nabarmendu du, ondarroarrari «ez diote errespetatzen tratamendu mota aukeratzeko duen eskubidea», hau da, «erretrobiralez gain dagoen tratamendu alternatiboa (homeopatia, dieta egokia...)», eta ez diote elikadura osagarriak sartzea onartzen, ezta dieta berezirik ematen ere.

Horri guztiari sakabanaketak bai presoari bai senideei eragiten dizkien ondorioak gehitu behar zaizkio, Sarek azaldu duenez.

Beraz, bakartzeak eta sakabanaketak Iparragirrek duen gaixotasun larria okertu baino ez duela egiten salatu du.

Espetxealdi arindua ukatuta Gobernu espainolak «konponbidean pausurik emateko asmorik ez duela» erakusten du Sareren iritziz. Gaur egun gaixotasun larriak dituzten hamar preso daudela gogora ekarri du eta eskubide urraketekin eta horrelako «egoera injustuekin» bukatzeko «sare herritar indartsu eta zabala» osatzeko deia egin du.

«Ezin dugu bakerik eraiki egunero presoen oinarrizko giza eskubideak urratuak izaten ari diren bitartean», dio oharrak.