naiz
donostia

Donostia 2016k «hiriari eskaintzen dizkion aukerak baliatzeko» lantaldea osatu du Udalak

Donostia 2016ari begira Udaletik egin beharreko lanak kudeatzeko eta egitasmoak «hiriari eskaintzen dizkion aukerak baliatzeko» lantaldea aurkeztu dute Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Donostiako Udaleko sailetako zuzendariek. Lantalde horretan Alkatetza eta Udalaren sail guztiak elkarlanean ariko dira.

Lan talde berriaren aurkezpena, Donostiako udaletxean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lan talde berriaren aurkezpena, Donostiako udaletxean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Izagirrek adierazi du Donostia 2016 «aukera moduan» ulertu behar dela. «Bulegoa egiten ari den programa kulturalaz gain, guk hiri bezala proiektuak eskaintzen dizkigun aukerak %100ean baliatu behar ditugu. Horrekin batera, hiria 2016rako prestatuta eduki behar dugu, eta horretarako osatu dugu lantalde hau», azaldu du.

Lantalde horretan, Alkateaz gain, Udalaren atal eta sail garrantzitsuenetako zuzendariak bilduko dira: Partaidetza, Donostia Kultura, Sustapena, Donostia Turismoa, Mugikortasuna, Udal Informatika Zentroa, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuak eta Estrategia Bulegoa.

Txuri Aranburu lantaldearen koordinatzaileak azaldu duenez, «astero elkartuko da lantaldea alkatearekin, Donostia 2016k udalean sortzen dituen erronka guztiei denon artean eta bakoitzak bere sailetik, aurre egiteko».

Lantaldeak zazpi erronka nagusi izango dituela nabarmendu du Donostiako alkateak: mugikortasuna; bisitariei harrera egitea; ingurumena, kaleen garbiketa eta hondakinen kudeaketa; prebentzioa eta segurtasuna; baimenak eta tramiteak hobeto kudeatzeko leihatila bakarra jartzea; eta administrazioa modernizatzea.