Naiz
Donostia

‘Hitzorduak’ esperientziaren argitalpena kaleratu du Lokarrik

Euskal Herrian izan diren indarkeria mota desberdinak jasan dituztenen artean izandako elkarrizketa, hausnarketa eta harremanak, ‘Hitzorduak’ esperientziaren baitan egindakoak, argitalpen batean kaleratu ditu orain Lokarrik.

Pili Zabala, Maialen Lizarralde Lokarriko arduraduna eta Gorka Landaburu, argitalpenaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Pili Zabala, Maialen Lizarralde Lokarriko arduraduna eta Gorka Landaburu, argitalpenaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

«Orain da hitz egiteko, entzuteko, parte hartzeko ordua». Horiek dira ‘Hitzorduak’ ekimenak oinarritzat hartu zituen hiru printzipio nagusiak. ‘Hitzorduak’ elkargune eta partaidetzarako espazioak izan ziren, «gizarteak parte hartu, entzun, beren iritzia eman eta aurrerapauso gehiago bultzatzeko xedearekin sortuak», adierazi du Lokarrik.

Ekimena auzo desberdinetan abiarazi da iragan urtarriletik eta 800 lagunek baino gehiagok hartu dute parte antolatutako 26 solasaldietan. Eztabaidatutako gaien artean egon dira giza eskubideak, eskubide zibil eta politikoak, memoria eta egia, biktimak, presoen gizarteratzea eta adostasunak.

Hizlarien artean, esparru akademiko eta profesionaleko adituak, bake prozesuaren inguruan lanean ari diren taldeen ordezkariak eta indarkeria eta Giza Eskubideen urraketen ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonak izan dira. Argitalpena gaur aurkeztu dute hizlari horietako bik, Gorka Landaburu ETAren biktimak eta Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arreba eta GALeko biktimak.

«Zinez positiboa» izan da Lokarrik ekimen honen inguruan egindako balorazioa. «Beste ikuspuntu batzuk ezagutzea, iritzi eta informazio berriak, hasieran urruti sentitzen ziren jarrerak ulertzea eta norbere ikuspuntuaz hausnartzea izan dira gehien nabarmendu diren alderdiak», adierazi dute.

Esperientziak iraun duen sei hilabeteetan, une «magikoak» bizi izan direla ohartarazi dute. «ETAren biktima batek bere esperientzia partekatu ahal izan du polizia gehiegikeriaren biktima izan direnekin, baita sufrimendu hori ulertu eta lagundu ere; GALen biktima baten senide batek barkamen hitzak entzun ahal izan ditu erakunde parapolizial horren gehienezko jarduera garaietan kargu politiko garantzitsu bat zuen pertsona baten ahotik; tortura sufritutako pertsonek Ertzaintzaren ordezkariekin hitz egin ahal izan dute; solasaldiak amaitzerakoan ere une hunkigarriak eman dira, gizatasun eredu horien lekuko izan zirenen oroitzapenean geratuko direnak», adierazi du Lokarrik.

Lokarriren aburuz, guzti horrek erakusten du «ez solik desberdinarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza bat posible dela, baizik eta jada sozialki errotzen ari dela».