NAIZ
BILBO

Bizkaibuseko 14 autobusen aurkako sabotajea salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak salatu duenez, Bizkaibuseko 14 autobusi gurpilak zulatu edo hustu dizkiete eta Enkarterrietan gutxieneko zerbitzuak betetzea eragotzi du horrek. 24 orduko lanuztea dute gaur Bizkaibuseko langileek.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa, aste honetan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Bizkaibuseko langileen manifestazioa, aste honetan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Abantoko kotxe-tokian zeuden 14 autobus gurpilak zulatuta edo hustuta agertu dira gaur goizaldean, Bizkaiko Foru Aldundiak salatu duenez. Goizeko bostak eta hogei aldera gertatu da eta Aldundiak sabotajea izan dela uste du. Horren ondorioz, Enkarterrietarako aurreikusiak zeuden gutxieneko zerbitzuak ezin izan direla garaiz bete esan dute Aldundiko iturriek.

24 orduko lanuztea dute gaur Bizkaibuseko langileek; Foru Aldundiari sinatu zuen akordioa bete dezala exijitzen diote.

ELAko iturriek Europa Pressi azaldu diotenez, gertatutakoa «ekintza puntuala» da eta ez du eragin ekonomikorik izan. Gurpilak ez dituztela zulatu, hustu baizik, esan dute, eta ibilgailuak martxan direla.

Bizkaiko Aldundia gertaera horiek arreta «desbideratzeko» eta arazoaren muinean ez sartzeko erabiltzen ari dela uste dute ELAko iturriek.