@Ion_Salgado
GASTEIZ

Oihaneder Euskaren Etxeak, Gasteizko euskaldunentzako guneak, ateak zabaldu ditu

Oihaneder Euskararen Etxeak ateak ireki ditu Alde Zaharrean dagoen Montehermoso jauregian. Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak azaldu duenez, aisialdiari eta kulturgintzari lotutako topagune naturala da. Euskara du ardatz, eta euskarazko adierazpide artistiko ororen erakusleihoa izango da, kulturgune eta sorgune izateko bokazioarekin jaio baita.

Javier Maroto alkatea eta Lukas Etxeberria Kafe Antzokiaren aldeko plataformako kidea, gaurko aurkezpenean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Javier Maroto alkatea eta Lukas Etxeberria Kafe Antzokiaren aldeko plataformako kidea, gaurko aurkezpenean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

«Sortzaileen elkargunea da, formaziorako espazioa, eta, batez ere, euskaltzale zein kulturzale guztion erreferentea», azpimarratu du Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak. Oihaneder, izan ere, Kafe Antzokia egitasmoaren oinarrietako bat dela adierazi du.

Etxearen inaugurazioan Lukas Etxeberria plataformako kideak hiriko euskaltzaleen ametsa errealitate bilakatu dela ohartarazi du. «Edo amestu genuenaren zati bat behintzat abian da. Eta ez da gutxi!», esan du oraindik ere eraiki ez duten Kafe Antzokia aipatu gabe. «Gure proiektuak bi hankak zituen, hau abian da, baina beste falta bat zaio, oraingoz finantziazio iturririk gabe dagoelako», deitoratu du.

Hala ere, plataformako kideek Oihaneder martxan jartzea «oso positiboa» ikusten dutela esan du Etxeberriak. «Pozik gaude jauregi eder hau euskararen babesgunea delako», nabarmendu du, urtarriletik aurrera duten erronka gaur zabaldu duten etxea edukiz betetzea dela azaldu ostean. «Eta Oihaneder euskararen etxea izateaz gain gasteiztar guztien etxea izatea nahi dugu. Euskara guztiona dela pentsatzen dugulako».

Motehermoso jauregian burutuko diren ekimenei dagokionez, Gabonak arte ekintzak Euskara Zerbitzuko teknikariek burutuko dituztela iragarri du. «Urtarriletik aurrera guk antolatuko dugu programazioa. Bitartean trantsizio fase bat egongo da», adierazi du. Datorren urtetik aurrera plataformako arduradunak hasiko dira hitzaldiak, liburuen aurkezpenak eta ekitaldi kulturalak egiten. Eta sorkuntza tailerrak ere antolatuko dituzte. Izan ere, Etxeberriak esan duenez, gazteak erakarri nahi dituzte bereziki Euskararen Etxera.

Oihanederreko webgunean azaltzen duten bezala, etorkizunean euskararen inguruko erakusketak egingo dira, eta urtean behin aldatuko den erakusketa iraunkorra osatu nahi da. Euskarazko tailerrak antolatuko dira euskarazko sorkuntza garatzeko, eta formatu txikiko ikuskizunak ere eskaini nahi dituzte bertan: kontzertuak, antzerkia, bakarrizketak, bertso-saoiak... «Sorkuntza bultzatzea eta sortutakoari aterabidea ematea da helburua», diote.