NAIZ
Bilbo

Ezina azkenean San Mamesen eta berdinketa eta puntu bakarra Athleticentzat

Lehen ordu erdian jaun eta jabe aritu dira zurigorriak, gero makaldu dira baina bigarren zatian aukera ederrak izan dituzte berriz Valverderen mutilek lehen minutuetako golari bigarren bat gehitzeko. Makaltzen hasita zenean etorri da, ordea, Celtaren berdinketaren gola eta San Mamesen orruak ez dira aski izan indarrak berreskuratu eta hiru puntuak eskuratzeko. Bana azkenean. [Estatistikak]

6. minutuan egin du Adurizek Athleticen gola eta aukera ugari izan ditu gero ere. (ARGAZKI PRESS)
6. minutuan egin du Adurizek Athleticen gola eta aukera ugari izan ditu gero ere. (ARGAZKI PRESS)

Partidako lehen 30 minutuei begiratuz gero erraz irabaziko zuela Athleticek uste zuten zale denek eta festa arratsalde gozo baten lehen kolpeak ziruditen. Kolpea, ordea, azken ordu laurdenean jaso dute zurigorriek, ezinaren azkena Nolitok Celtarentzat berdinketa lortu duenean izan baita.

Irabaztea behar zuen partida zen eta horretarako aukerak ere sortu ditu partida osoan zehar. 6.ean Adurizek penaltiz egin du Athleticen gola, beste pare bat ere egin ditu baino ez dute balio izan; lehena epailearen ustez baloia aurrez kanpora irten delako eta bigarrena jokoz kanpokoagatik.

Aukerak aukera partida amaitzeko ordulaurden falta zela Celtak egin du berea eta berdinketa jarri du San Mamesko markagailuan. Zaleak saiatu dira oihuekin egoerari buelta ematen baina ez da posible izan eta berdinketarekin aho zapore oso garratzarekin jaso dute epailearen azken txistu hotsa. Bana eta puntu bakarra, behar baino gutxiago.