naiz
baiona

Epaitegiko idazkariak 4.300 euroko isuna eskatu du Kaskarotenea ikastolaren aurka

Ostiral arratsaldean Ziburuko Herriko Etxeak bidalita, epaitegiko idazkaria Kaskarotenea ikastolan izan zen. Honek, ikasleek bertan segitzen dutela baieztatu eta ondorioz, 4.300 euroko isuna eskatzen dio Ziburuko ikastolari.

Kaskarotenea ikastolaren irudia. (Sylvain SENCRISTO)
Kaskarotenea ikastolaren irudia. (Sylvain SENCRISTO)

Epaitegiko idazkaria Ziburuko Kaskarotenea ikastolan izan zen pasa den ostiralean, Herriko Etxeak bidalita. Ikasleek bertan jarraitzen zutela ziurtatu eta, hortaz, 4.300 euroko isuna eskatzen du orain. Iragan irailaren 9az geroztik, egunero 100 euroko isuna ordaintzera behartu zuten ikastola.

Paxkal Indok, Seaskako lehendakariak ziurtatu du isun ekonomikoa ordaintzeko prest direla, baina lehenik kondenaren baldintzak argitu nahi dituztela ohartarazi du. Izan ere, bere ustez, «pagatzen badugu, lekuan egoteko eskubidea» dute eta ez litzateke zilegia isuna ordaindu eta ondoren eremutik kanporatuak izatea. 

Ziburuko ikastolak hiru aterabide proposatu ondoren, auzapezak guziak ezeztatu eta berri bat egin zuen, urtarriletik goiti Oletako bidean ikastola berria kokatzeko asmoz. Ikastolak proposamena ezeztatu du, «eremuak haurrentzat baldintzak betetzen ez dituelako».

‘Iparraldeko ikastolak ez hunki’ lelopean, azaroaren 8an manifestazioa deitu dute.