naiz
baiona

Cimade elkarteak etorkinen aurkako azken sarekada salatu du

Etorkinen kontrako Mos Maiorum sarekada urriaren 13an abiatu zen eta 26ra arte gauzatuko da, Europar Batasunean. Salatzeko elkarretaratzea egin dute 12.30ean.

Cemade elkarteak deituta, Baionan egindako elkarretaratzea. (Sylvain SENCRISTO)
Cemade elkarteak deituta, Baionan egindako elkarretaratzea. (Sylvain SENCRISTO)

Cimade etorkin, errefuxiatu eta babesa eskatzen duten pertsonengan elkartasuna bultzatzen duen elkarteak Europar Batasunean egiten ari diren etorkinen aurkako sarekada salatu du. Hain zuzen ere, Laurence Hardouinek, Cimadeko bozeramaileak esan duenez, Europa osoan «kalkulaezina den» etorkinen kopuru bat kontrolak jasaiten ari da aeroportu, tren geltoki edo autobideetan. «Operazio honek jendea trabatzen du Europar Batasunera sartzeko», ohartarazi du.

Hardouinek agertu duenez, «kontrol sistematikoak egiten ari dira tren geltoki eta autobideetan, Europako mugetan». «Jatorri ezberdinak dituzten pertsonak gelditu, fitxatu eta haien hatzmarkak hartzen dituzte. Adibidez, Italian haien hatzak hartu eta Frantzian instalatzeko eskaera bat egiten badute, frantses Estatura sartzerakoan ezeztatua zaie, kontrolari esker, lehenik Italiatik pasatu direla dakitelako», adierazi du Cimadeko bozeramaileak.

Sarekada honen erasoak jaso dituzten etorkinen kopurua «kalkulaezina» dela salatu du. Hardouinek zehaztu du zenbakia jakiteko «beharrezkoa izanen zen Europa osoko zifrak ukaitea, jakinez elkarte anitzek ez dituztela datu horiek eskuratzen ahal». Ipar Euskal Herriko kasuan, «eragina ez da hain handia izan».

Mos Maiorum sarekadaren aurkako elgarretaratzea egin dute gaur Baionako suprefeturaren aitzinean 12.30etan.