naiz
igorre

Kutxabankeko bi sukurtsal eraso dituzte Igorren eta Gasteizen

Kutxabanken bi sukurtsal erasotuak izan dira bart Gasteizen eta Igorren. Antza, leherkariekin egin dira erasoak, nahiz eta Arabako hiriburuan ez duen eztandarik egin.

Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, Igorreko erasoa goizeko 04.10ean gertatu da, Lehendakari Agirre kaleko 33. zenbakian dagoen sukurtsalean leherkari batek eztanda egin duenean.

Eztandak bulegoaren sarreran kalte materialak eragin ditu eta hainbat kristal hautsi dira. Ez du, ordea, kalte pertsonalik eragin inguruko bizilagunengan.

Iturri berberen arabera, goizeko 07.30ean Gasteizko beste sukurtsal batean objektu arraro baten berri eman diote bizilagunek. Lakuaren arabera, ezaugarri berbereko leherkaria zen baina ez du eztandarik egin.

Kutxaren Batzarrarekin lotu ditu Beltran de Herediak

Estefania Beltran de Heredia Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuak esan du Ertzaintza ikertzen ari dela bi erasoak baina bere «inpresioa» dela gaur Kutxak Donostian egingo duen Batzar Orokorrarekin zerikusia dutela.

EH Bilduren gaitzespena

EH Bilduk, ohar batean, erasoak errefusatu ditu eta modu horretako ekintzeko «BBK, Vital eta Kutxaren bankarizazio prozesua bultzatzen eta babesten dutenen helburuekin bat egiten» dutela adierazi du, «beraien estrategia osatuz eta burutzen ari diren lapurreta ezkutatzeko laguntza paregabea bihurtuz».