@gara_miantzi
Donostia

Autopista elektrikoaren aurkako mareak agintariei egin die dei

33 udalerriren ordezkari, Lizarraldea, Iruñerria, Sakana eta Goierriko jendea bildu da Donostian goi tentsioko linearen aurkako manifestua aurkezteko. Dokumentu hori 200 kolektibo eta 200 hautetsik baino gehiagok sinatu dute, indar politiko guztietakoek.

Kontxako hondartzan egindako ekitaldia. (@gara_miantzi)
Kontxako hondartzan egindako ekitaldia. (@gara_miantzi)

Arropa gorria jantzita hurbildu da Donostiara familia, bikote eta lagun talde ugari, marea gorria osatzeko asmoz. Hala, instituzioei proiektua gelditzeko mugi daitezela eskatu diete.

Nafarroako eta Lakuako gobernuengana zuzendu dira, Alberto Frias Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak azaldu duen bezala, «biek egiten dutelako gauza bera, belarriak tapatu». Marea gorriarekin, isiltasuna puskatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiari ere dei egin diote, «egitasmoaren kontra azaldu bai baina ez delako dituen tresnak erabiltzen ari». «Bultzada bat eman beharko zaie –adierazi du–. Indarrak batzea, hori da gure bidea».

Donostiako Udaletxearen parean elkartu dira, bakoitza kartel batekin, defendatu nahi duen herriaren edo dorrearen izenarekin. Ezkio-Itsasotik Deikaztelura 247 dorrerekin osatu nahi du Red Electrica de Españak 400.000 voltioko autopista elektrikoa eta sinbolikoki 247 pertsonak dorre bana hartu dute. 247 lurkideak dira.

Han ikusi dira, «autopista elektrikorik ez» etengabeko oihuen artean hainbat herri, kontzeju eta dorre izen: Oteitza, Zirauki, Muru Astrain, Segura, Larraia, 66. dorrea... «Herriak maite ditugulako, defendemos lo que amamos» zen deialdiaren lema, eta «ideologien gainetik, naturarekiko maitasuna» erakutsi eta aldarrikatu dute.

Trikiti doinuekin kalejiran hondartza aldera jo dute, hondarrean triangelu gorri bat marrazteko. Globo gorriak libre utziz eman diote amaiera ekitaldiari eta triangelua talde ttikitan desegin da.