NAIZ
DONOSTIA

Gizon bat atxilotu dute Donostian, bere bikoteari eraso egitea egotzita

Ertzaintzak 28 urteko gazte bat atxilotu du Donostian, genero indarkeria delitu bat egotzita. Katilu batekin bikotekidea kolpatu ondoren hartu dute atxilo.

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ostiral goizaldeko hiruetan jaso dute emakume baten abisua, Donostiako Gros auzoan bikoteak eraso egin diola esanez.

Patruila bat bertaratu egin da eta baieztatu du emakumeak zauri bat zeukala bekokian. Poliziei azaldu dienez, eztabaida baten ondotik gizonak katilu bat hartu eta kolpe bat eman zion aurpegian.

Gizonezkoak etxetik alde egin zuen, baina gutxira aurkitu du Ertzaintzak eta genero indarkeria delitu bat egotzita hartu dute atxilo.