NAIZ
ZIBURU

Udalbiltzak 10.000 euroko laguntza emango dio Ziburuko Kaskarotenea ikastolari

Kaskarotenea ikastola pairatzen ari den erasoen aurrean babesa erakusteaz gain laguntza ekonomikoa ere iragarri du Udalbiltzak. Ziburuko ikastolari emango dioten 10.000 euroko laguntzaren berri emateko bertara hurbildu da Mertxe Aizpurua presidentea.

Mertxe Aizpurua, Udalbiltzako lehendakaria, Paxkal Indo eta Laida Mujikarekin. (Sylvain SENCRISTO)
Mertxe Aizpurua, Udalbiltzako lehendakaria, Paxkal Indo eta Laida Mujikarekin. (Sylvain SENCRISTO)

Guy Poulou Ziburuko auzapezaren erasoei erantzuteko elkartasun keinu berri bat jaso du Kaskaroteneak. Udalbiltzak, bere sostengu osoa erakusteaz gain, laguntza ekonomikoa ere iragarri du. 10.000 euroko laguntza eman dio ikastolari.

«Babes moralaz gain konkretuan ere gauzatu nahi izan dugu eta ekarpena egin nahi dugu egoera tamalgarri honi aurre egiteko», azaldu du Metxe Aizpuruak.

Euskal Herriko Herriko Etxe eta hautetsien biltzarrak Ziburuko ikastolari bere elkartasuna erakusteko Udalbiltzako presidentea den Mertxe Aizpurua Kaskaroteneara hurbildu da.

Azaroaren 8an ikastolaren alde Ziburun egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du Udalbiltzak.

Egoera larria

Ziburuko ikastola egoera larrian dago, irailean ikasturtea hasi zenetik egunero 100 euroko isuna ordaintzen dutelako epaitegiak orain okupatzen duten lokalan egoteko eskubiderik ez dutela erabaki zuelako. Presioa handitzeko bertatik kanporatu nahi dituen Guy Poulou Ziburuko auzapezak. Epaiketa berri batetara deitu ditu Paueko auzitegian, eta egunerko 400 euroko isuna galdetzen du. Polizia bidaltzeko prest ere agertu zen.

Bestalde, ikastolari argindarra ere kendu dio auzapezak. Atzo, lehen aldiz joan ziren haurrak klasera argirik gabe, eta bertan jarraitu ahal izateko elektrizitate sorgailu batekin ari dira klaseak hartzen.