NAIZ
BAIONA

Ikastola guztiek argia moztuko dute ordubetez Kaskarotenearekin elkartasunez

Seaskako 31 ikastolek ordubetez argiak itzaliko dituzte ostiralean eta eskolak argirik gabe emango dituzte, Kaskarotenearekin elkartasunean. Ziburuko ikastolaren arazoa ikastola guztiena eta «Seaskako 3.100 haurren familiena» dela irudikatu nahi dute ekimen sinboliko horrekin.

Seaskako ikastoletako ordezkariek argazkia atera zuten Kaskaroteneari elkartasuna adierazteko. (SEASKA)
Seaskako ikastoletako ordezkariek argazkia atera zuten Kaskaroteneari elkartasuna adierazteko. (SEASKA)

Seaskako 31 ikastoletako lehendakari eta ordezkariak Kanbon bildu ziren atzo arratsaldean, Ziburuko ikastolaren egoera aztertzeko. Astelehenean itzuli ziren eskolara haurrak eta Guy Poulou alkateak argindarra moztu zienez, sorgailu batekin ari dira.

Euskara ofiziala ez den bitartean eta murgiltze eredua ezagutu eta babestuko duen legerik ez den bitartean, euskara bezala ikastolak ere «egoera hauskorrean» izango direla bat etorri ziren eta, ildo horretan, Kaskaroteneak pairatzen duen egoera bihar edo etzi beste edozein ikastolak jasan ahal duela ohartarazi zuten.

Kaskarotenearen arazoa «ikastola guztiena» eta, ondorioz, «Seaskako 3.100 haurren familiena» ere badela nabarmendu zuten eta, hori barneratzeko, ostiralean, goizeko 11.00etan, ekimen sinbolikoa eta pedagogikoa egingo dute ikastola guztietan: argiak itzali eta ordubetez eskolak argirik gabe jasoko dituzte haurrek, Kaskaroteneako umeek jasaten duten egoera irudika dezaten. Horrekin batera, irakasleekekintza hori baliatuko dute argindarraren ekarpenez eta gizartearen ibilmoldeaz jabe daitezen.

Ikastoletako lehendakariek beste guraso guztiak ere ohartarazi nahi dituzte Ziburuko ikastetxearen egoeraren larritasunaz.