NAIZ
PARIS

Eskualde hizkuntzak erabiltzen dituzten haurren eskubideak errespetatzeko eskatu dute

Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenaren 25. urteurrenaren karietara, Parisen ohartarazi dute eskualde hizkuntzan mintzatzen diren haurren egoeraz.

Parisera joandako ordezkariak. (ELEN/EBLUL)
Parisera joandako ordezkariak. (ELEN/EBLUL)

Estatu frantseseko EBLUL-ELENeko kideak Parisen elkartu dira, eskualde hizkuntzen hitzun diren haurrei buruzko txostena Eskubideen Defendatzaileari helarazteko. Euskara, bretoina, katalana eta okzitanieraren ordezkariak Paul Molac eta Luc Bleuven diputatu bretainiarrekin batera joan dira Defendatzailea ikustera.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren kasua ere aipatzen da txostenean «duintasunik gabeko egoeran» diren kasuen artean. Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak eta (EBLUL ingelesez) Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak (ELEN ingelesez) agiria kaleratu dute haurren hizkuntza eskubideen ukamenaren berri emateko.

Eskualde hizkuntzetan eskolatuak diren haurren eskubideak ez direla guztiz errespetatzen  salatu dute. New Yorken Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenaren 25. urteurrena ospatuko dutelarik, Parisen Eskubideen Defendatzailea ikustera joan dira euskara, bretoina, katalana eta okzitaniar hizkuntzen ordezkariak.

Euskal Herritik Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkaria izan da. Beraiekin izan dituzte Morbihaneko diputatua den Paul Molac eta Luc Bleunven Finisterreko diputatua.

Estatu frantseseko eskualde ezberdinetako kideek osatutako ordezkaritzak Gobernuari eskatu dio baliabide ekonomiko eta juridikoak ezartzea eskualde hizkuntza batean eskolatuak diren haurren eskubideak bermatzeko. Zentzu horretan, eskolatze elebiduna edo murgiltze sistema aipatu dute.