NAIZ

Koldo Losada aktorea da Bilbon indarkeria zantzuekin hilda agertu den gizona

Bilbon, bart, indarkeria zantzuekin hilda agertu zen gizona Koldo Losada aktore getxoztarra da, Europa Pressek aurreratu duenez. Gorpua aurkitu eta ordu gutxitara bere bikotekidea atxilotu egin zuten.

Koldo Losada, bere arreba Garbiñe Losadarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Koldo Losada, bere arreba Garbiñe Losadarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Koldo Losada aktore getxoztarra da Bilboko Abando auzoan hilik eta indarkeria zantzuekin agertu den gizonezkoa, Europa Press agentziak aurreratu duenez. Losadak buruan kolpea zuela eman dute jakitera.

Bart, biktimaren lagun batek ohartarazi zuen Ertzaintza, gorpua Bilboko Lersundi kaleko 16. zenbakian aurkitu ostean. Atxilotuaren dei «arraro bat» jaso ostean gerturatu zen emakumea laguna zuenaren etxera, non gorpua aurkitu zuten, Efe agentziak aurreratu duenez.

Heriotzaren eragile izan daitekeelakoan, ordu gutxira Ertzaintzak bere mutil-laguna atxilotu du. Zenduaren arrebak erlazioa «aspalditik jasanezina» zela adierazi du. Hau baieztatu dute bizilagunek ere, zeintzuek bikotea banatzen ari zela azpimarratu duten. Aktore getxotarraren txakurra ere hilda agertu da gertuko zakarrontzi batean.

Heriotza eragin duen armaren bila dabil Ertzaintza, oraingoz aurkitu ez duten arren.

Koldo Losadak ibilbide luzea du aktore gisa. Antzerkian zein telebistan egin du lan ‘Pilotari’, ‘Gonekale’, ‘Cuéntame’, ‘Aida’, ‘Amar en tiempos revueltos’ edo ‘Águila Roja’ telesailetan, baita zineman ere, Borja Cobeagaren ‘No Controles’ filman, besteak beste.