NAIZ
BILBO

Dena prest Usansolon igandeko galdeketarako

Araudia eta behatzaileak aurkeztuta, dena lotuta daukate Usansolon igandean desanexioaz egin behar duten galdeketari begira. 16 urtetik gorako usansolotarrek eman dezakete botoa.

Guztia prest dute Usansolon igandeko galdeketarako. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Guztia prest dute Usansolon igandeko galdeketarako. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Usansolo Herriak agerraldia egin du ostiral honetan, igandeko galdeketaz azken zehaztapenak jakinarazteko.

Gogoratu dutenez, 16 urtetik gorako usansolotarrek eman ahalko dute botoa, errolda agiria aurkeztuta.

Udalerri izan nahi ote duten bozkatzeko, lau hautestontzi izango dituzte –metakrilatoz eginak, eta ez kartoizkoak, galdeketa gutxietsiz EAJk esan duenez–, 9.00etatik 20.00etara.

«Usansolo udalerri izatea nahi duzu?», izango da galdera.

Aplikazio informatiko batek ekidingo du herritar bakoitzak boto bat baino gehiago ematea.

Prozesu guztia gainbegiratzeko, behatzaile talde bat izango da besteak beste honako kideek osatuta: Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Xabier Saiz de la Maza eta Begoña Izarra abokatuak, EHUko irakasle Yolanda Jubeto, Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Braulio Gomez Forte edota Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduren eledun den Irune Soto. Lemoa, Markina-Xemein, Berriatua edo Nabarnizeko alkateak ere han izango dira, besteak beste.

Ondoren, Aldundira eta Batzar Nagusietara joko dute, usansolotarrek erabakitakoa errespeta dadila eskatzeko.