NAIZ
BILBO

Koldo Losada aktorearen bikotea datozen orduetan pasako da epailearen aurretik

Astezken gauean hilda agertu zen Koldo Losada aktorearen bikoteak Ertzaintzaren esku jarraitzen du eta datozen orduetan pasako da epailearen aurretik.

Koldo Losada Donostiako Antzerki saria jasotzen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Koldo Losada Donostiako Antzerki saria jasotzen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Koldo Losada aktorea asteazken gauean aurkitu zuten hilik bere etxean, buruan kolpe bat zuela. Handik ordu gutxitara atxilotu zuten bere bikotea, gizonezkoa hau ere. Ordutik Ertzaintzaren eskuetan dago eta, jakinarazi dutenez, datozen orduetan epailearen aurretik pasako da.

Banatze prozesuan zeudela zabaldu da eta zenduaren arrebak, Garbi Losadak, adierazi duenez, «erlazioa aspalditik jasanezina» zen. Ertzaintza armaren bila zebilen atzo, eta berririk ez da arlo horretan. Etxetik gertu aurkitu zutena, ordea, bikotearen txakurra izan zen, hilik hau ere.

Bilboko Udalak minutuko isilunea

Bilboko Udalak, udal aurrekontuak onartzeko gaur goizean izan duen ezohiko bilkuran, minutuko isilunea gorde du zenduaren omenez. Talde guztiek sinatutako agirian, lagun eta senidei doluminak azaldu nahi izan dizkiete.