NAIZ
BILBO

Berri Txarrakek ‘Denbora da poligrafo bakarra’ aurkeztu du Bilboko Kafe Antzokian

Berri Txarrak talde nafarrak diska berria aurkeztu du gaur goizean, Bilboko Kafe Antzokian egin den ekitaldi batean. Hirukoteak disko hirukoitz bat plazaratu du bere 20. urteurrena ospatzeko.

Berri Txarrak hirukotea Bilboko Kafe Antzokian, aurkezpenaren aurretik. (ARGAZKI PRESS)
Berri Txarrak hirukotea Bilboko Kafe Antzokian, aurkezpenaren aurretik. (ARGAZKI PRESS)

20 urte daramatza Berri Txarrak taldeak eszenatoki gainean eta urteurrena ospatzeko asmoz, lan hirukoitz bat kaleratu dute gaur hiriburu bizkaitarreko Kafe Antzokian egin duten aurkezpenaren ostean. Osotara 20 abesti berri biltzen ditu lanak. «20 urte, 20 abesti» lelopean hiru ekoizle desberdinekin grabatutako lan hirukoitza da.

Proiektu berriko lanak hiru zatitan banatuta daude, «rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu kontrajarri» lantze aldera. Horretarako hiru ekoizle desberdinen eskuetan jarri zen Lekunberriko taldea, Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevensonek euren ikutua eman ziezaioten.

Aste guztian zehar, Euskal Herriko hiriburu desberdinetan aurkeztuko dute lana. Urtarriletik aurrera, ordea, eszenatoki gainera itzuliko dira. Lehena, urtarrilak 9, Donostian.