NAIZ
BILBO

Euskal Herriko selekzioek ofizialtasunera ‘Jauzia’ emateko ekimena abian

Abenduaren 27an Euskal selekzioek Catalunyakoen kontra jokatuko dituzten partiden harira jaio da Jauzi ekimena, ofizialtasunaren aldarriari «hauspo berritzailea» eman asmoz. Nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioak ikusteko jomugarekin sortu dute taldea.

Maiatzan Euskal selekzioak eta Irlandak jokatu zuten partidaren irudia. (Rayul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Maiatzan Euskal selekzioak eta Irlandak jokatu zuten partidaren irudia. (Rayul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

«Europako zein Munduko txapelketetan edo Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan Euskal Herriko edo Catalunyako selekzioak berdintasunean parte hartzen ikusi nahi ditugu». Helburu honekin sortu da Jauzia, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko lan taldea. Ekimena, Euskal selekzioek Catalunyakoen aurka jokatuko dituzten norgehiagoken harira hasi da lanean.

Oraindik sortze prozesu batean daudela adierazi dute, baina «salto egiteko tenorean» daudela azpimarratuz. Era berean, ikuspegi transbertsala eta identitate anitzeko pertsonek osatu eta babesten duten eskakizunaren aldarri izan nahi dute.

1995. urtean, Hego Afrikako errugby selekzioak Apartheidaren ondorengo lehen munduko txapelketan erabili zuen ‘One Country, One Team’ edo ‘Herri Bat, Talde Bat’ lelopean eginen dute lan. Integrazioa, parte hartzea eta atxikimendua bilatuz, «eskubideen domina» eskuratzea lehen helburutzat finkatu dute.

Azkenik, hurrengo egunetan aurkezpen ofizialaren data jakinaraziko dutela aurreratu dute.