NAIZ
BILBO

Euskal musikako izen ugari elkartuko dira ‘Sortuko Dira Besteak’ ikuskizunean

‘Sortuko Dira Besteak’ hirugarren urtez segidan ospatuko da, igande honetan abiatuta eta abenduaren 27an Donostiako Kursaalean izango da ikusgai euskal musikako izen ugariren partaidetzaz. Alex Sardui, Ainhoa Arteta, Eñaut Elorrieta edo Mikel Urdangarin, besteak beste, bertan izanen dira.

Olatz Prat, Estitxu Pinatxo eta Petti, aurreko kontzertu batean. (SORTUKO DIRA BESTEAK)
Olatz Prat, Estitxu Pinatxo eta Petti, aurreko kontzertu batean. (SORTUKO DIRA BESTEAK)

Euskal musikagintzako pertsona ugari elkartuko dira ‘Sortuko Dira Besteak’ ikuskizunaren hirugarren ekitaldia aurrera ateratzeko. 2014ko edizioa igande honetan hasiko da Arriaga Antzokian emanen duten kontzertuarekin eta abenduaren 27an ikusgai egonen da Donostiako Kursaalean Ainhoa Arteta eta Eñaut Elorrietaren «partaidetza bereziarekin».

Belaunaldi eta estilo desberdinetako euskal musikariak ikusteko parada izanen da. Alex Sardui, Gatibu taldeko abeslaria, Mikel Urdangarin eta Petti kantautoreak eta baita bi ahots gazte ere, Estitxu Pinatxo eta Olatz Prat. Hauek guztiekin batera, Mixel Ducau, Errobi taldeko sortzaileetako bat eta John Berkhou indie talde gipuzkoarra.

Ohiturari jarraiki, galaren hirugarren edizioan Euskal Herriko eta nazioarteko doinu klasikoak ere landuko dira. Esaterako, Harkaitz Cano eta Juan Garzia idazleek Pink Floyd, James Brown edo Joe Cocker bezalako taldeen abesti euskaratuak jarriko dituzte taula gainean. Modu berean, literatura ere ez da faltako, Kirmen Uribek emanaldi honetarako idatzitako argitaratu gabeko zenbait testu errezitatiko ditu eta.