Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Sortuk epaiketa politiko guztiak bertan behera uzteko exijitu du Baionan

Urtarrilaren 12n Auzitegi Nazionalean abiatuko den 4/08 makroepaiketa «konponbideari eraso berria» dela esan dute Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa, epaituak izango diren Ipar Euskal Herriko bi militanteak. «Zuzendaritza mailan, talde terroristako kide» izatea leporatzen badiete ere, egiaz, «lan politikoa egiteagatik» epaituko dituztela eta 10 urteko espetxe-zigorra jasotzeko arriskua dutela gogorarazi dute.

Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta Jean-François Lefort, Baionako agerraldian. (Bob EDME)
Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta Jean-François Lefort, Baionako agerraldian. (Bob EDME)

Aurore Martinek eta Haizpea Abrisketak agerraldia eskaini dute Baionan, Jean-François Lefortekin batera, urtarrilaren 12an Auzitegi Nazional espainolean abiatuko den epaiketaren harira.

leporatzen zaizkien ekinbideetan Estatu espainolean gertatu ez ziren bi jaso dituztela argitu dute Baionan eskaini duten agerraldian. Bata, Abrisketak 2007ko azaroan Bruselan eskainitako prentsaurreko bat eta, bestea, Martinek 2006an Baionan emandako beste bat. Hain zuzen ere, militante zuberotarrari epaile frantsesak euroagindua aplikatzea onartu zuelarik, Estatu frantsesean egindako ekintzak ez egoztea espresuki eskatu zuela azpimarratu dute.

Aieteko Konferentzian ondotik «epaiketa eta zigorrak» ez dutela etenik izan adierazita, konponbideak aurrera egingo badu, «berehala bertan behera» utzi behar direla gaineratu du Jean-François Lefort Sortuko ordezkariak. Ildo horretan, nazioarteko komunitateari bere esku dagoena egin dezala eskatu du.

Mezua Hollande eta Taubirari

Era berean, euskal presoen egoerak «bilakaera positiborik» ez duela izan gogoratu du Sortuko kideak. Astelehenean Parisen bi estatuen ordezkaritzek egingo duten gailurraren harira, mezu argia bidali die François Hollande presidenteari eta Christiane Taubira Justizia ministroari: «Eskatzen diegu gatazkaren kudeaketa ez dezatela soilik Estatu espainolaren esku utzi, berarengan konfiantza dutela esanez. Aurore Martinen kasuan justizia frantsesaren deliberoa ez dutela aintzat hartu ikus dezatela. Ni soberanista frantsesa izango banintz, asaldatua izango nintzateke erakutsi duten mespretxuarekin».