Gotzon ARANBURU
ERREZIL

Errezil sagarra

Errezil herri txikia eta menditsua da, Euskal Herriko beste asko bezalaxe, eta ez da erraza bertan bizimodua ateratzea. Lantegi bat dago dezentekoa eta hor aritzen da biztanle mordo bat beharrean, baina baserritik bizi direnak bizpairu besterik ez dira. Badauka ordea Errezilek ospea eman dion zerbait, sagarra, Errezil sagar famatua, eta fruitu honen inguruan ekimen ausarta eta interesgarria antolatu dute herriko bost emakumek. Ekoizpen zentro txiki bati eta herriko dendari esker, diru pixka bat irabazteaz gain Errezili bizitza ematea lortu dute.

‘Errezil azoka’ elkarteko emakumeak, konpota egiten. (Gotzon ARANBURU)
‘Errezil azoka’ elkarteko emakumeak, konpota egiten. (Gotzon ARANBURU)

Duela hogei bat urte eman zituzten aurreneko pausuak Errezilgo emakumeek. Eskura sagarrak zeuzkaten, eta sagarrekin konpota egiten hasi ziren, bakoitza bere etxean, ondoren azoketan saltzeko. Sagar alea saltzeak oso gutxi uzten du, bai orain eta bai orduan, eta balio erantsia eman beharra ikusi zuten, alegia, elaborazioan hastea. Urte batzuren ondoren, ‘Errezilgo azoka’ elkartea sortzea erabaki zuten emakumeok, CIF delakoa tramitatzea eta hala salmenta sarea zabaltzea. Gaur egun ere produktu nagusiak Errezil sagarrarekin egindakoak diren arren, bestelako fruituak ere erabiltzen dituzte. Esaterako, elkarteko kide Maria Luisa Aranburuk NAIZi azaldu dionez, «dozena bat mermelada mota egiten dugu, bai baserrian jasotako fruituekin eta bai kanpoan erositakoekin».

Konpotak, mermelada, menbrilloa… horiek dira ‘Errezilgo azoka’k ekoizten dituenak. Garai batean likoreak ere egiten zituzten, baina gaur egun utzita daukate. Bost dira taldeko kideak, Herniopeko beste hainbat baserritakoak: Maria Luisa Aranburu, Gloria Eskudero, Begoña Galarraga, Mariaje Galarraga eta Jone Irulegi, Galarraga, Ibarguren, Iraola Zahar, Muska Saletxe eta Abita baserrietakoak. Udaletxearen ondoan daukate ekoizpen zentroa eta hantxe topatu ditugu arratsalde euritsu batean, konpota egiten.

Dozena bat saski sagar badauzkate ekarrita, arratsalde baterako nahikoa. Izan ere, garbitu ondoren sagarrak eskuz zuritzen eta txikitzen dituzte, ez makinaz. Lapiko handi batean irakinarazten dituzte ondoren, eta beirazko ontzietan sartzen gero, pikuak eta pasak nahastuta eta gainetik almibar naturala botata. Berrogei bat kilo konpota egindakoan, ‘Maria’ bainuan jartzen dituzte ontziak, auto-klabea erabiliz. Garabi batekin altxatzen dute zama, eta ondoren elaborazio prozesua ondo bukatzeko beharrezkoa den tenperatura eta denbora agintzen diote makinari. Gabon garaiko lana da konpota egitea, sagar garaia ere oraintxe baita. Urtero 80 bat kilo konpota egiten dute.

Gaur ez dira horretan ari, baina errezilarekin egindako menbrilloa ere ekoizten dute, eta asko gainera, erosleak badaude-eta. Urtean bostehun bat kilo sagar bihurtzen dituzte menbrillo. Mermeladari dagokionez, urte osoan egiten dute, garaian garaiko fruituak erabilita. «Marrubiarekin hasten gara, martxoa-apirila aldera. Albertxiko mermelada ere egiten dugu, baita kiwiarena ere, eta kiwia eta sagarra nahastuta ere bai. Pikua ahaztu gabe» dio Gloria Eskuderok.

«Ez, soldata ezin da atera hemendik –diosku Mariaje Galarragak– baina laguntza bat bada etxeko ekonomiarentzat. Lan orduak ere ez dira asko, baina astean behin gutxienez biltzen gara hemen, tokatzen den produktua prestatzeko, etiketak jartzeko eta abar. Gero eraman egin behar da saltokietara; denda eta gozotegi batzuk, azoka bereziak, eta Errezilgo bertako herriko denda. Igande honetan ospatuko da Errezil Sagarraren Eguna, eta denetariko gutiziak erosteko aukera izango dute Errezilera gerturatzen direnak, hasi konpotatik eta sagardoraino.

Esan bezala, herriko denda da ‘Errezilgo azoka’ taldearen produktuak erosteko tokirik egokiena, apalak eta ekoizpen zentroa horma baten lodierak bakarrik bereizten ditu-eta. Bien arteko lotura ez da fisikoa soilik, ordea. Izan ere, eskola, eliza, taberna bat, medikuaren kontsulta, kutxazain automatikoa, eguneko zentroa, Udala eta denda dira errezildarrek eskura dituzten zerbitzuak, eta horietako azkena, udaletxeko arkupeko denda, itxi egin zuten halako batean. Herriko denda bakarra izanik, galera handia zen hori, Azpeitiraino edo Bidaniaraino joan beharra gertatu baitzen oinarrizko erosketak egitera, eta ‘Errezilgo azokak’ hartu zuen denda berriro zabaltzeko ardura. Aste eta jai dago irekita, baita igande goizean ere. Ez da saltoki soila, Jone Irulegik dioenez: «Bai, enkarguak uzteko eta hartzeko tokia ere bada. Esate baterako, paketeria enpresa horietako batek urrutiko baserriren baterako zerbait baldin badauka, hementxe uzten du». Eta baserri horietan adineko jendea bizi bada, edo ezindua, dendariek eramaten dizkiete erosketak etxera.

Jakina, dendari kasu egiteko dendariak behar dira, eta bost emakumeok hartu dute ardura. Egunero bi aritzen dira dendan, goizeko eta arratsaldeko txandak eginez. Txirrina dauka atean, eta emakumeak ekoizpen zentroan lanean ari direla iristen bada bezeroa, txirrina jo besterik ez dauka eta azkar asko etorriko da norbait denda irekitzera.

Horrela dira gauzak Errezilen, eta beste herri txiki askotan antzekoak. Adibidez, hirietan eta herri handietan bermatuta dago beste zerbitzu bat, ur hornidura, ezin esan Errezilgo baserri guztietan bermatuta dagoenik. Horrek ere nahiko buruhauste sortzen die bertakoei. Baina, arazoak arazo, Errezilen ez dute amore eman, eta herria bizirik mantentzeko borrokan tinko eusten diote. Lerrootan aipatu ditugun bost emakume kementsuak dira horren erakusle.