NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako Foru Aldundiak Palestina estatu burujabe gisa aitortu du

Gaur goizean eginiko adierazpenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Estatu Palestinarra estatu  burujabe gisa aitortu du adierazpen instituzional baten bidez. Era berean, Israeli Gazako blokeo militarra altxatu eta negoziazioei berriz ekiteko eskatu diote.

Palestinako bandera, Foru Aldundiaren balkoian. (GIPUZKOABERRI)
Palestinako bandera, Foru Aldundiaren balkoian. (GIPUZKOABERRI)

Palestina estatu burujabe bezala aitortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean egindako adierazpen instituzional baten bidez. Era berean, 1967ko «legez kontrako okupazioaz geroztik», Israelek Zisjordanian buruturiko ekintzak salatu dituzte, «biztanleak modu masiboan lekualdatu, banaketa hesia eraiki eta Ekialdeko Jerusalem anexionatzeko». Guzti hauek, nazioarteko eskubideen urraketatzat definitu dituzte.

Modu berean, Israelgo agintariei eskatu diete negoziazioei berriz ekitea, «ahalik eta azkarren eta zehaztutako kronograma baten barruan bake akordio bat erdietsi dezaten», okupazioari amaiera emateko, Ekialdeko Jerusalem barne. «Akordio horrek konponbide justu bat jaso behar du iheslari palestinarren eta espetxeratuta daudenen inguruan», gehitu dute.

Bestetik Israeli Gazako lurraldean duten «blokeo militarra altxatzea» eta pasabidea irekitzea exijitu dute. Azkenik, Nazio Batuetako Erakundeko estatu kidei laguntza humanitarioa areagotzea eskatu diete.