NAIZ
DONOSTIA

Guardia Zibilak errepide erdian kontrolak jartzen jarraitzen du

Guardia Zibilak errepide erdian kontrolak jartzen segitzen du, abiadura segurtasunez jaisteko aukerarik eman gabe eta arrisku egoerak sortuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde armatu honi eta Ertzaintzari parte eman ondotik.

Atzo bertan, 21.30 aldera, AP-1 autobideko Behobiako irteerara iritsi baino lehen, errepide bazterretik korrika zihoazen itzal batzuek harritu zituzten gidariak. Guardia zibilak ziren, inongo argirik gabe kontrola muntatzen.

Gipuzkoako Aldundiak parte eman dio EAEko Trafikoaz eta Bideko Segurtasunaz arduratzen den Ertzaintzari, baita Guardia Zibilari ere, erakunde armatu honek urriaren 4tik azaroaren 1era 33 kontrol jarri dituela-eta AP-1 eta AP-8an, GARAk eta NAIZek aurreratu zutenez. Kopurua baino gehiago, kontrolak jartzeko hautatutako lekuak kezkatzen du Aldundia, sarri bide erdian paratzen baitira poliziak, gidariei segurtasunez abiadura moteltzeko aukerarik eman gabe. Horrek bi istripu eragin ditu, urriaren 20an eta azaroaren 1ean.

Atzo gauean, 21.30 aldera AP-1ean Behobiarantz zihoazen gidariek irteera baino lehenago guardia zibilak ikusi zituzten bide ertzean lasterka, abiadura mantsotzeko seinaleak jartzen. Aurrena 80koa, gero 60koa eta azkenik 40koa. Ez zuten argirik eta gidariak konturatu orduko 40ko seinalean zeuden, zer gertatzen zen ongi jakin gabe. Kontrola muntatzen ari ziren.