GARA

Inoiz baino etorkin gehiago hil dira aurten leku aberatsetara iritsi nahian

IOM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak atzo banatu zuen txosten baten arabera, ia 5.000 etorkin hil dira 2014. urtean leku aberatsetara iritsi nahian. Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatu baino bi egun lehenago eman dituzte ezagutzera txostenaren ondorioak.

Inoiz ez da horrenbeste etorkin hil miseria eta giza eskubideen bortxaketak nagusi diren herrialdeetatik leku lasai eta aberatsagoetara iritsi nahian. Etorkizun hobea eskuratu nahian beren etxeetatik alde egin zuten 4.868 lagun hil dira aurten, 2013ko 2.378 hildakoak bikoiztuz.

Punturik tragikoena Mediterraneo itsasoa da, bertan 3.224 pertsona hil baitira aurten, kasu gehienetan Europako herrialde industrializatuetara iristeko itsasontzi txiki eta ezegokiak erabiltzeagatik.

William Lacy Swing IOM erakundeko zuzendariak agiri baten bitartez esan duenez, «laguntzaren premian daudenen bizitza derrigorrez salbatu behar dute herrialde guztiek. Mediterraneoko nazioarteko uretan egiten diren erreskate operazioekin jarraitu beharra daukagu. Egun abian jarrita daukagun `Triton operazioa' txalogarria da zentzu horretan, baina eremu txikiegia hartzen du», erantsi zuen zuzendariak.

IOM erakundeko adituek uste dute Mediterraneo itsasoan Europarako bidean hiltzen direnen kopuruak gora egin dezakeela oraindik, batez ere EB Europar Batasunak erreskate operazio anbiziosoak abian jartzen ez baditu. Gogorarazi zuten «Mare Nostrum» izeneko operazioa bertan behera utzi zuela Italiako Gobernuak, eta hura ordezkatzea dela orain helburua.

Tragedien sailkapena

Mediterraneo itsasoaren atzetik, leku tragikoenen sailkapenean bigarren postuan ageri da Bengalako golkoa (India eta Malaysiako penintsularen artean), bertan 540 etorkin hil baitira.

Hirugarren lekuan AEBen eta Mexikoren arteko muga dago. Hegoaldeko herrialdetik iparraldekora pasa nahian 307 pertsona hil dira 2014an.

Afrikako Adarretik barrena (Somalia, Etiopia, Eritrea eta Djibuti) Arabiar penintsulara iritsi nahi zuten 265 lagun hil dira aurten, eta beste 251 Afrikako ekialdeko beste puntuetan.

Asiako hego-ekialdea ageri da tragedien sailkapeneko hurrengo postuan (74 hildako), Karibe itsasoaren (66) eta Europako beste lekuen (51) aurretik (Mediterraneoan hildakoak alde batera utzita). Beste 34 pertsona hil dira gainerako eremuetan, Erdialdeko Amerikan hildako 16 lagunak barne.

IOMko adituek onartzen dute beraien txosteneko datuak erregistratutako heriotzei dagozkienak direla, baina benetan hildakoen kopurua handiagoa dela.

Hildakoen sorlekuari erreparatuz gero, Afrikakoak dira gehienak: Afrika beltzekoak %27, arabiar mundukoak %19 eta Afrikako Adarrekoak % 13.