NAIZ
Baiona

Aitzinako Loretxu Etxemendi atxilotu du poliziak Bordelen

Loretxu Etxemendi Aitzinako kidea atxilotu du Bordelen polizia judizialak, eta ordu batzuren buruan aske gelditu da. Ez dute oraindik atxiloketaren arrazoien berri eman baina ehKz hedabideak frantses hutsezko bide seinaleen aferarekin lotua izan daitekeela dio.

Urriaren 15eko operazioaren ostean bide seinaleak eskuan hartuta berretsi zuten aldarria gazteek (Sylvain SENCRISTO)
Urriaren 15eko operazioaren ostean bide seinaleak eskuan hartuta berretsi zuten aldarria gazteek (Sylvain SENCRISTO)

Loretxu Etxemendi larresoroarra atxilotu du polizia judizialak Bordelen, Kortsikatik bueltan zela, Kazeta.eus-en arabera. Atxiloketaren arrazoien berri ez du eman oraindik poliziak baina ehKz-ren eta Kazeta.eus beraren arabera frantses hutsezko bide seinaleen aferarekin lotuta egon daiteke.

Ordu batzuk beranduago aske gelditu da Etxemendi, baina ordenagailua kendu egin diote.

Orain bi aste Koldo Etxegarai Aitzinako bozeramailea atxilotu zuten jendarmeek arrazoi bergeragatik. Aurrez Ieltxu Ostolaza ere arrazoi berberengatik atxilotu zuten. Urriaren 15ean izan zen jendarmeen lehen operazioa Aitzinaren aurka afera honegatik, gazte antolakundearen lokalean sartu eta miatu egin zuten, kide bat atxilotu eta bertatik material informatikoa eraman zuten.

Operazioa uztailaren 14ean Aitzinak frantses hutsez ziren bide seinaleak kendu ostean etorri da, horien bila zebiltzala esan zuten orduan jendarmeek. Gazteek, lehen operazioa izan orduko bide seinale horiek eskuan hartuta egin zuten salaketa eta berretsi egin zuten deialdia «herriz herri ikur arrotzak kentzeko».

Datorren astearterako Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako gazteek elkarrekin deitu dute ekimen bateratua (12.00 Baionako irteeran Tarnoseko bidean); Aitzinak «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin du: