naiz
Ziburu

Ziburuko auzapezak hautetsi abertzale bat «fusil bat hartzeko gogoekin» mehatxatu du

Guy Poulouk, Ziburuko auzapezak, Ziburu Bizi alderdiko Eneko Aldana mehatxatu zuen asteazkeneko herri kontseiluan, azken honek alderdi abertzaleak herriko aldezkarian ateratako artikulua aldatu izana leporatu eta gero. «Esaten duzue ez daukadala kakotx bat aldatzeko eskubiderik, baina momentuz, zuengana joateko gogoak ditut ehizako fusil batekin», bota zuen Poulouk.

Guy Poulou, artxiboko irudian. (Sylvain SENCRISTO / ARGAZKI PRESS)
Guy Poulou, artxiboko irudian. (Sylvain SENCRISTO / ARGAZKI PRESS)

Ziburuko auzapeza den Guy Poulouk Eneko Aldana hautetsi abertzalea «ehizako fusil batekin» mehatxatu zuen iragan asteazkeneko herri kontseiluan. Ziburu Bizi alderdi abertzalea kexu agertu zen herriko aldizkarian argitaratutako testua aldatua izan zela-eta. Honen harira, hola erantzun zuen Poulouk: «Esaten duzue ez daukadala kakotx bat aldatzeko eskubiderik, baina momentuz, zuek argitaratzen duzuenarekin, zuengana joateko gogoak ditut zuei tirokatzeko ehiza fusil batekin».

Poulouk aurrera jarraitu zuen etxez-etxe banatu diren esku orriekin kexu, non Kaskarotenea ikastolaren inguruko afera aipatzen den. Bertan, Ziburu Bizik ikastoalren egoera herritarrei jakinarazi nahi izan zien.

Eneko Aldanak salaketarik jarriko ez duela aurreratu du. «Bera bakarrik irrigarri geratu da». Bestetik, unean bertan erantzun zion auzapezari: «Testu politiko bat baizik ez da. Ez duzu ni mehatxatzerik», mobilizazio baterako deia zela argituz.