Idoia ERASO
Urepel
Elkarrizketa
Kantaria

Amaia Aire: "Gu hunkitzen gaituzten hamahiru kantu dira gure lehen diskan"

"Bidexka" diska argitaratu berri dute Aire ahizpek. Urteetan Ipar Euskal Herriko eszenatokietan aritu ondoren Urepeleko hiru senideek lehen diska argitartu dute Erroa argitaletxearekin. Diska honen ezagutarazteko hainbat kantaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 18an Itsasuko elizan ikastolaren alde Mikel Markez eta Erramun Martikorenarekin batera, eta urtarrilaren 31an Bilboko Kafe Antzokian.

Aire ahizpek "Bidexka" lehen diskaren aurkezpenean Baionan. Argazkia Bob EDME.
Aire ahizpek "Bidexka" lehen diskaren aurkezpenean Baionan. Argazkia Bob EDME.

Diska berria argitaratu duzue, "Bidexka". Zerk eraman zaituztete orain diska bat ateratzera, hainbeste urtez eszenatokietan ibili ondotik?

Badu aspaldi kantatzen dugula, batez ere Iparraldean. Hasi ginen gazte gazteak ginelarik, 15 bat urte inguru genituela, eta egia erraiteko Iparraldean kantuz aritzen gara, kasik ohargabean urtez urte. Urteak fite pasa dira azkenean, hasi ginenean ez genuen gure burua kantari bezala ikusten, eta ez genekien batere epe luzera iraungo zuen, ez zen gure proiektu berezi bat. Azkenean kantuz aritzen gara horrela, herriz herri eta gero momentu batez gelditu ginen gu hirurok haurrak izan genituelarik, zailagoa baitzen lana eta dena kudeatzea.
Orain berriz hasi gara, eta egin genuen Josu Zabala eta Mikel Markezen ezagutza. Egia erraiteko Josu Zabalak zigun erran berak domaia atzematen zuela grabaketarik ez izaitea, eta beraz bere laguntza proposatu zigun, eta guri gustatu zitzaigun anitz berak ze ikuspegi zuen kantagintzaz orokorki, eta baita nola ikusten zuen guk egiten genuena. Abuztu bukaeran erabaki genuen grabaketa egitea eta horretarako hasi ginen joaten Otxandiora, bera hangoa baita, eta hango estudioan grabatu genuen.

Eta ze eskeintzen duzue zuen lehen diska honetan?

Kantatzen ditugu hamahiru kantu eta, horiek dira batez ere guk kantaldietan ematen ditugun kantuak. Kantu horiek gu hunkitzen gaituztenak dira. Laburbiltzeko, badira Iparraldeko kantugintza markatu duten Labeguerie, Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larralden kantuak, guk arras gustokoak baititugu doinu aldetik eta hitzengatik. Horiek dira guk ttipitandik entzun ditugun kantuak, eta belarrian ukan ditugunak, eta hurbilekoak.
Gero badira ere Ez dok 13ko kantu batzuk, horiek gehiago nerabezaroan ezagutu eta maite genituenak. Batzuk Joxean Artzeren hitzak eta gero Lourdes Iriondok berezikiago anitz hunkitu gintuen deskubritu genuelarik. Hastapenean vinilo zaharrak deskubritu genituen etxean. Eta gero kantatzen ditugu ere disko honetan Xalbadorren bertso batzuk, zeren eta guk etxetik ere manera naturalean ikasi genituen bertsoak dira horiek.

Bertsu eta kantu klasikoak berrikusi dituzuela esan daiteke, zer atzemanen dugu diska entzutean?

Guk kantatzeko maneran egiten duguna da ahal eta manera naturalenean kantatzea. Batez ere hiru ahotsak dira hiru bozetan armonizatuak, eta batzutan lagunduak gara akordeoi batekin. Lagun bat badugu eskusoinularia, eta guretzat garrantzitsua zen azkenean letrei garrantzia uztea. Beraz kantu klasikoak dira, baina ez dira gaur egun hain entzunak ere gehienak. Batez ere hitzengatik ditugu hautatzen kantuak, beraz ez dira denak entzuten direnak toki guztietan. Guk hautatu ditugunak nahiz eta klasikoak izan ez dira hain entzunak ere.


Diskaren izenburua "Bidexka" da, zein da bidexka? Zergatik bidexka?

Xekatu genuelarik izen bat guk ezarri duguna da, gure kantugintza hurbiletik ezagutzen dutenek badakite, gehien bat da etxetik ukan dugun kantugintzaren transmizio hori. Etxean anitz aritzen baikinen kantuz eta ikusten genuen gure burua bidexka batean bagina bezala, aitzinekoek marraztutako bidexka hori, mendian den bat bezala, non ez dakizu nondik hor den, baina gaur egun daudenek segitzen dute aitzina eta horregatik dira bidexka horiek beti hor mendietan ikusten oraindik. Urrunago joateko asmoarekin edo segitzeko asmoarekin.

Nabarmen gelditzen da zuen familiak ekarri dizuen musikarekiko maitasuna eta kulturarekiko lotura. Guzti hori diska honetan ere agerian gelditzen da.

Bai, horrela da, guk hurbil ditugun kantuak dira, sentitzen ditugunak eta hunkitzen gaituztenak. Diska ere era aski sinplean grabatua izan da, hori izan zen Josu Zabalak planteatu zuena, eta egia erraiteko guri gustatu zitzaigun bere filosofia hori. Berak nahi zuen guk kanta genezan arras molde naturalean, etxean bagina bezala egiten genuen. Eta grabaketa ere horrela egin dugu, hirurak kantatuz ber momentuan, sartu gabe sobera konplikazioetan edo teknikak laguntzen ahal dituen artifizioetan. Kantaldietan ematen ditugun kantuak dira.

Beraz musikaren aldetik aski sinplea gelditzen da.

Aski sinple egoten da musikaren aldetik. Musikari bat dugu eta eskusoinuan ari da. Gero berak arras untza laguntzen gaituela atzematen dut, eta uzten diela hitzei lehen planoa beti, hitzak ongi entzuteko gisan, testua baita garrantzitsuena.
Guk ukan dugun lana izan da bozak ikasten eta entsaiatzen hiru botzetan kantatzea.


Gaur egun hain musika gutxirekin, hain naturalki egiteko tendentziarik ez dago.

Gaur egun anitz estilo ezberdin ateratzen da, eta guk ez dugu sobera egiten besteek egiten dutenari alderatzeko. Guk sentitzen genuena egin dugu, begiratu gabe merkatuak zer eskatzen duen, prototipo bat segitu gabe egiten dugu maite duguna.

Zuen lehen diska eta Erroa argitaletxearen lehena ere bai, abentura baten lehen pausuetan zaudete.

Bai, hasi gara Erroa argitaletxean, Zenbat Gara elkartekoekin ezagutza egin genuen pixka bat kasualitatez, bidexkaren zentzua ere hori da, bidexka horretan ezagutza batzuk egin ditugulako kantuari esker. Bilboko Aste Nagusian izan ginen joan den udan, eta horrela ezagutu genituen Zenbat Gara elkartekoak. Gertatu zen elkarrizketa eta ongi pasatu genuen haiekin. Anitz gustatu zitzaigun ze ikuspegi zuten euskal kulturaz eta guzti, eta gero Josu Zabala eta Mikel Markezekin hitz eginez arrunt konfiantzan sentitu ginen haiekin lanean hasteko eta berez ez dugu proiektatzen geroan zer egingo dugun, baina segur dena da arrunt konfiantzan sentitzen garela eta gogoarekin haiekin segitzeko harremanean.


Familiatik jasotakoarekin jarraitzaile, partaide eta aldi berean sortzaile ere bezala definitzen zaituzte. Nola ikusten duzu zuen burua musikaren mundu honetan?

Gu interpretazioan gara, hasteko diska honetan. Ez dugu hitzik idatzi. Asmo batzuk baditugu kantu batzuen inguruan, baina ez ditugunak sartu disko honetan bederen, eta geroak erranen nola segituko dugun. Baina momentuko interpretazioan gara.


Izan daiteke sorkuntza kantuen adaptazioaren bitartez heltzen al dela?

Uste dut haiek horrela ikusten zutela guk kantatzen genuen estiloaren ezberdintasuna eta beharbada Hegoaldean behintzat ez dela hain zabaldua horrela kantatzea kasik a capella kantu gehienak eta hiru ahotsetan, hori da pixka bat gure desberdintasuna. Gaur egun gehiago egiten da hori edo koro handi batean edo musikaz bestituz egiten dela. Denak ederrak dira, eta denak gustukoak ditugu guk, baina gu horrela aritzen gara kantuz eta beharbada hori lotua da gehiago gure eskualdean kantatzen den manera bati. Han jende anitzek kantatzen du a capella eta ahotsetan edo armonizatuz. Guk hautua egin dugu hasieratik, ez sartzea sobera musika tresna, baina uztea ahotsak horrela, lehen planoan.