NAIZ
BAIONA

Kontseilu Orokorrak Aitzinak jarritako seinaleak kendu ditu

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak Aitzinak atzo errepideetan jarri zituen 15 seinaleak kendu egin ditu, gazte antolakundeak jakinarazi duenez.

Aitzinak atzo jarri zuen seinaleetako bat. (Aurore LUCAS)
Aitzinak atzo jarri zuen seinaleetako bat. (Aurore LUCAS)

Aitzinak 15 seinale jarri zituen atzo Ipar Euskal Herriaren eta Estatu frantsesaren arteko mugetan, Ipar Euskal Herriarentzako aitortza instituzionala eskatu eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Gazte antolakundeak bere Twitter kontuan jakinarazi duenez, Kontseilu Orokorrak kendu egin ditu panelak.

 

Iragan uztailean frantses hutsean zeuden zenbait bide seinale kendu eta trenez Parisera bidali zituen Aitzina gazte erakundeak, Ipar Euskal Herriarentzako aitortza eskatu eta euskararen ofizaltasuna galdegiteko.

Estatuak, ordea, atxiloketekin eta lokalen miaketarekin erantzun zion ekimen horri. Atzo, aldiz, dinamika horren bukaera gisa jarri zituzten errepideetan seinaleak, euskara hutsean, Euskal Herriaren eta Estatu frantsesaren arteko mugak eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artekoak markatuz.