NAIZ
BILBO

LAB: «Gutxieneko soldataren igoera eskasak zaplasteko berri bat ematen die langileei»

Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %0,5 igotzeko Gobernu espainolak hartu duen erabakiak Hego Euskal Herriko langileei «zaplasteko berri bat» ematen diela salatu du LAB sindikatuak.

Ohar baten bidez, LABek gogoratu du Europako Karta Sozialaren irizpideen arabera, 1.100 eurokoa izan beharko lukeela Hego Euskal Herriko Gutxieneko Soldata (urtean 15.400 euro), hau da, Estatuak ezarri baino %41 gehiago.

«Madrilen hartutako erabakia opari berri bat da enpresarientzat. Beraz, beste urrats bat aberastasuna gero eta modu injustuagoan banatzeko eta herritarren arteko desberdintasunak areagotzeko», azpimarratu du sindikatuak.

Horrez gain, nabarmendu egin dute aipatu neurriak «oso negatiboki» eragiten duela langabeziagatiko prestazioak, subsidioak eta diru sarrerak bermatzeko errentak jasotzen dituztenengan, horiek guztiak Gutxieneko Soldatarekin lotuta daudelako. Ondorioz, milaka lagun pobreziatik behar bezala babestuta egongo ez direla ohartarazi du LABek.