naiz
Donostia

Lan mundua euskalduntzeko erronka berretsi du LABek

LAB sindikatuak LANEUS ildo estrategikoa berretsi du, lan mundua euskalduntzeko erronkari segida emanez. Euskaraz bizitzeko nahia lan munduan eraiki behar dela iritzi dio sindikatuak: «Lan munduan euskararik ezean, ez dugu euskaraz bizitzerik izango», adierazi dute.

LANEUS ekimena berretsi dute Donostian. (LAB)
LANEUS ekimena berretsi dute Donostian. (LAB)

LANEUS egitasmoari jarraipena egiteko ekitaldia burutu du LAB sindikatuak Donostiako Aquariumean. Modu honetan, lan mundua euskalduntzeko «erronka berretsi» nahi izan dute, LANEUSen ildo estrategikoari segida emanez.

Ekitaldia hasteko LABen ibilbidea errepasatu dute iruditan, honek urteetan zehar lan munduan euskararekin izan duen erlazioa ezagutzera emanez. Hala ere, «lan asko egiteke» dagoela onartuz, euskararen normalizazioa kokatu dute jomuga. «Gure hizkuntz eskubideak aitortu eta bermatuko dituen eredua eraikitzeko aukera dugu», azaldu dute. Era berean, helmuga argi dutela azpimarratu dute: «Euskal Herri euskaldun bat eraiki».

Hau dela eta, lana ezinbestekoa dela iritzi du LABek. «Euskararen normalizazioak ezin du tokian tokiko borondatearen eta aukeraren araberakoa izan», adierazi dute. Eta horretarako lan giroa eta lan mundua behar beharrezkotzat ulertzen ditu: «Lan munduan euskararik ezean, ez dugu euskaraz bizitzerik izango», gaineratu dute. Horregatik, gainerako sindikatuak bide hau hartzera animatu ditu «erronka beregain» hartuz.

Lan mundua «gazteleran eraikia« dagoela nabarmendu dute, baina «eraldaketa prozesu bat gauzatzera» doazela aldarrikatu dute.