NAIZ
BILBO

Sare: «Ekarpen gehiagoren beharra dugu mobilizazioaren gastuei aurre egiteko»

Sare plataformak jakinarazi duenez, orain arte bildutako dirua ez da nahikoa urtarrilaren 10eko mobilizazioak eragindako gastuei aurre egiteko eta, horregatik, dei egin die helburu hori erdiesten lagun dezaketen eragile eta norbanakoei.

Mobilizazioak eragindako gastuei aurre egiteko ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu zuen Sarek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mobilizazioak eragindako gastuei aurre egiteko ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu zuen Sarek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ohar bidez, Sarek gogoratu du bi aste pasa direla dispertsioaren aurkako aldarriak Bilboko kaleak hartu zituela. Egun hartan milaka lagunen borondatea jaso zutela, helburuak lortzeko norberaren borondatea, baina baita poltsikoetatik eskainitako borondatea ere.

Azken hori, baina, Guardia Zibilak konfiskatu egin zuela salatu du berriz plataforma herritarrak.

Donostiako kaleetan euskal jendarteak emandako erantzuna txalotu du Sarek, eta baita kontu korrontean norbanakoak egiten ari diren ekarpenak edota «Kataluniako lagunek abiatu duten elkartasun kanpaina».

Azpimarratu dute, «zoritxarrez», hori guztia ez dela nahikoa izan mobilizazioak eragindako gastuei aurre egiteko. Horregatik, «eragile, norbanako eta lurralde guztietako lagunei, beste behin ere, egitasmo honetan esku kolpe bat botatzeko eskatzeko beharrean aurkitzen gara».

Kontu korronte bidez, Katalunian abian jarri duten crowdfunding kanpainaren bitartez edota Paypal erabiliz ekarpena egiteko aukera dagoela gogoratu du Sarek, eta gaineratu gastu guztiak ahalik eta azkarren ordaintzea dela helburua. 

«Bitartean, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, sarea ehuntzen jarraituko dugu, zabaltzen, indartzen, hedatzen», aldarrikatu dute.