naiz
Ituren

Zubietatik Iturenerainoko bidea egin dute joaldunek bi herrietako inauteriei hasiera emateko

Ohitura den moduan, Zubietako joaldunek Iturenerainoko bidea egin dute, iturendarrei bisita egin eta inauteri asteari hasiera emanez. Iturendarrek bihar, asteartea, itzuliko diete bisita, gaurkoan gordeko dituzten indar apurrez.

Urtero moduan, urtarrilaren azken astean Euskal Herriko hainbat herrik eman diete hasiera inauteriei. Gaurkoan Zubieta eta Iturengo joaldunak izan dira protagonista. Ohiturak markatzen duen moduan, Zubietako joaldunek bisita egin diete Ituerengoei, eta bihar azken hauek izango dira bisita itzuliko dietenak.

Ongi gosalduta ekin diote egunari zubietarrek. Herrian indarrak hartu eta joaldunek Itureneraino dagoen bidearen hiru kilometroak bete dituzte. Aurtitzko auzoan eta Latsagako zubian barrena jende asko batu da joaldunen bidera irrintzi artean.

Behin Iturenera iritsita, bertako joaldunek egin diete ongi etorria herriko plazan.

Egun luzea dute aurretik bai herri bateko zein bestekoek, hare eta aste luzeagoa, bihartik hasita noiz goizez egingo dute Iturengo joaldunek Zubietarainoko bidea. Hala ere, festa giroak ez du biharko egunaren zain egon beharrik eta jai-giro ederrean jarri dituzte martxan Euskal Herriko inauteriak.

Euskal Herriko inauterien informazioa NAIZ Agendan jarraitu daiteke.