@Maider Iantzi
Irun

Jardunaldiak Bidasoan, elkar entzun eta bizitzeko

Elkarbizitza, bizikidetza eta aitortza bilduko dituzte Antxeta irratiak Lokarrirekin elkarlanean antolatu dituen jardunaldiek. Nazio eraikuntza tokian tokian egiten dela eta horren motore herritar oro dela sinetsita, bere ekarpena egin nahi du irrati elkarteak, lekukotzak eskainiz eta jendeari hitza emanez, «Bidasoan elkarbizitzen» hasteko.

Aitziber Blanco eta Aitziber Zapirain, jardunaldiaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Aitziber Blanco eta Aitziber Zapirain, jardunaldiaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Bidasoan Elkarbizitza’ jardunaldiaren lehendabiziko mahai inguruan, datorren ostegunean, indarkeria era bortitzean jasan duten lau lagun batuko dira: Belen Zabala, Guardia Zibilak hil zuen Josu Zabalaren iloba; Cristina Sagarzazu, ETAk hildako Montxo Doral ertzainaren alarguna; Jose Miguel Gomez Elosegui, ETAk hil zuen Francisco Javier Gomez Elosegui Martuteneko espetxeko psikologoaren anaia; eta Fermin Urtizberea, Hondarribian zinegotzi zela Grupo Antiterrorista Nacional Español taldeak bahitu eta tortura gogorrak sufritu zituena. Lokarriko Aitziber Blanco izanen da moderatzailea Hondarribiko Itsas Etxean, 19.00etan, eginen den ekitaldi irekian. Belaunaldi guztietako jendea gonbidatu dute parte hartzera eta, bereziki, entzutera, «entzuten jakiteari esker ikasten baita hitz egiten, komunikatzen». Hori da jardunaldion antolatzailearen, Antxeta irratiaren, betebeharra.

Aitziber Zapirain bertako kazetariak aurkeztu du ekimena gaur goizean Irungo Ficoba erakustazokan, Blancorekin batera. Honek azpimarratu du erronka konplikatua baina eskuragarria dela bizikidetza, eragile guztien artean eraiki beharrekoa. Jardunaldion bidez, orain arte urrun ikusitakora hurbiltzea da lortu nahi dena eta, hala, emeki-emeki, jarrera aldaketa posible egitea. Hedabideetako albiste sarritan hotzei aurpegia eta ahotsa jarriz, gizatasuna azaleratzea da asmoa; «batzen gaituena agertzea: giza duintasuna».

Zapirainek kontatu duenez, hilabeteak daramatzate irrati komunitarioan Euskal Herriko gatazka politikoari begira herri mailan zer egin dezaketen pentsatzen. Gogoeta ugariren ondotik, Bidasoa eremuan, Irun, Hendaia, Biriatu eta Hondarribia kontuan harturik, eztabaidarako gune batzuk antolatzea erabaki dute, Lokarrirekin elkarlanean. Prestatzen hasi orduko, ohartu ziren gauza aunitz gertatu direla eskualdean eta «horietako gehienak ez direla aipatu ere egiten». Belaunaldi berriekiko transmisio lanean eragin nahi du irratiak.

Eskualdeko alkateak, batera

Bigarren solasaldian, Joserra Trebiño apaiza, Juanra Rojo preso politiko ohia, Jokin Etxeberria iheslari politiko ohia eta Miren Illarreta abokatua mintzatuko dira, Ellande Boutin eta Goizeder Taberna moderatzaile direla, Hendaiako Antoine d'Abbadie Aretoan, otsailaren 12an, 19.00etan. Eta hirugarren ekitaldian, Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateak elkartuko dituzte, Jose Antonio Santano, Aitor Kerejeta eta Kotte Ezenarro, hurrenez hurren, Ficoban bertan, otsailaren 19an, 19.00etan. Martxelo Otamendi eta Aitziber Zapirain arituko dira moderatzaile lanetan.

Interesa dutenentzako, ohar batzuk: ekitaldi guztietan parte-hartzaileek eta publikoak berehalako itzulpena jasoko dute frantsesera, gaztelaniara eta euskarara eta, hala, bakoitza bere hizkuntza naturalean mintzatzen ahalko da. Gainera, publikoari txartelak banatuko dizkiote, hizlariei egin nahi dizkioten galderak idatzi eta moderatzaileari helarazteko.

Zapirainek eta Blancok adierazi dute mahai inguruetan parte hartuko duten lagunek esker onez jaso dutela gonbitea, eta batzuek «bazen garaia» erranez ere bai. Aipatu dutenez, gustura daude batez ere egunero bizilagun duten eskualdeko jendearen aitzinean bizipenak kontatzeko aukerarekin. Beharrezko ikusten dute. Ekimen hau etorkizunean emanen diren pausoen artean lehendabizikoa izatea nahiko lukete.