NAIZ
BAIONA

Errepresioa salatzeko manifestazioa antolatu dute larunbatean Baionan

EH Baik, Aitzinak eta Lurra eta Etxebizitzaren kolektiboak manifestazioa antolatu dute heldu den larunbaterako Baionan, errepresioa salatzeko, ‘Euskal gazteria aitzina. Konponbidea orain’ lelopean. Atxilotuek Pauen jarraitzen dute.

EH Bai, Aitzina eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideak, Baionako agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)
EH Bai, Aitzina eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideak, Baionako agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)

EH Baik, Aitzina gazte mugimenduak eta Lurra eta Etxebizitzaren kolektiboak agerraldia egin dute antolatu dute gaur goizean Baionan, atzo izan ziren atxiloketen harira. Lau gazteei –Haitz Agirrebarrena, Teo Salamon, Jean François Magis eta Alex Feldman– babesa adierazteaz gain, urte hasieratik iragan diren gertakariak gogoratu dituzte. Haien artean, Intza Oxandabaratzen auzia, Madrilen epaitzekoak diren ezker abertzaleko 35 militanteak eta horien abokatuen atxiloketak.

Errepresioa salatzeko eta konponbidea aldarrikatzeko, manifestazioa antolatu dute heldu den larunbaterako Baionan, 16.00etan San Andres plazatik abiatuta, Kazeta.eus-ek jaso duenez. ‘Euskal gazteria aitzina. Konponbidea orain’ leloa izango du.

«Sostengurik handiena atzo atxilotuak izan diren lau gazteei eta orokorki gazte mugimendu osoari. Konponbide testuinguruan onartezinak dira Paristik eta Madrildik emaiten diren keinu txarrak», nabarmendu du EH Bai alderdiak.

Azaldu dutenez, manifestazioaren helburua da «Gobernuari inplikazioa eskatzea bake prozesuan».

Agerraldian jakinarazi dutenez, lau atxilotuak Pauen jarraitzen dute, fiskalak 24 orduko luzapena eskatuta. Gainera, operazioan poliziak eta bulegoak familiarekiko izan duen «jarrera mespretxagarria» gaitzetsi dute. «Ez zaie atxilotuen egoeraz edo leporatzen zaienaren berririk eman eta Paueko jendarmeriako ateak aurpegira hetsi dizkiete gainera», adierazi dute.