NAIZ
DONOSTIA

Euria dela-eta alerta egoera larunbat arratsaldera arte

Euskal Herria gogor jo du denboraleak eta negu giro gordina dugu. Momentuz, euriteek sor ditzaketen uholdeetan dute arreta jarrita agintariek, larrialdi planak abian jarrita. Euria dela-eta alerta egoera larunbat arratsaldera-arte mantenduko da, eta igandean nabarmen egingo du behera elur kotak.

Euskal Herriak bizi duen denboraleak izan du ondoriorik azken orduotan. Hanbat tokitan ibaiek gainezka egin dute, errepideetan ur putzuak sortu dira eta suhiltzaileek ere irteera ugari egin behar izan dituzte, haizeak botatako zuhaitz, edukiontzi, aldamio, hesi eta bestelako elementuak erretiratzeko.

Euskal Herriko mugetatik kanpo, Anso bailaran, 33 haur euskaldun itxita geratu dira elurtea dela-eta, autobusean etxerako bidea egiten ari zirela. Ansó herrira eraman dituzte, non gaua pasatzeko hainbat etxebizitza egokitu dizkieten.

Etxean aldiz, larunbat arratsaldera arte euri ugari espero da. Arretaz begiratzen ari dira kostaldeari eta ibaien arroei. Uholde arriskua aintzat hartuta, Lakuako Segurtasun Sailak Larrialdi Plana aktibatu du alerta fasean, baita Nafarroako Gobernuak ere.

Iruñerrian, Arga ibaiaren emarian jarrita daude begi guztiak, azken orduotan nabarmen egin baitu gora. Hau dela eta, alerta egoera ‘O egoera’ delakora igo dute bai Argan eta bai Arakilen.

Gauean, zenbait errepide moztu behar izan dituzte eguraldiaren ondorioz jazotako istripu arinengatik. Era berean, irteera ugari egin ditu Foru Poliziak, errepidera eroritako adar eta zuhaitzak kentzeko.

Pirinio-Atlantikoetako departamenduan, 6.000 etxebizitza inguru daude argindarrik gabe gauaz geroztik, horietako 3.000 inguru Ipar Euskal Herrian. Kanbon bi lagun arin zauritu dira auto gainera zuhaitz bat erorita.

Gipuzkoan, Oria, Deba, Urumea eta Urola ibaiek gainezka egin dute hainbat tokitan.

Bizkaian, Kadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Arratia ibaien egoera kezkagarria da, eta Araban Zadorrak ere maila laranja gainditu du toki batzuetan.

Eskola kirol jarduerak bertan behera

Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, astebururako eguraldi iragarpena ikusita, bertan behera utzi dituzte eskola kirol jarduera guztiak.

Erabaki berbera hartu du Arabako Foru Aldundiak. Bihar 17.00etatik aurrera bertan behera geratuko dela eskola kirola jakinarazi du.

Gipuzkoan ere ez da eskola kirolik izango asteburu honetan.

Iragarpena

Datozen orduotarako, zazpi metroko olatuak izan daitezkeela aurreikusita, alerta laranja ezarri du Lakuako Segurtasun Sailak. Hala ere, beste batzuetako kalterik ez dute espero, oraingoan denboralearekin batera ez delako marea bizirik izango.

Igandean, elurrak hartuko du euriaren lekukoa, elur kotak nabarmen egingo baitu behera. 300-500 metrotara elurra egingo du eta, ohartarazi dutenez, une batzuetan maila hori 100-200 metroetara ere jaitsi daiteke.

Gobernu nafarrak, elurra kentzeko makinak prest ditu eta modu mailakatuan joango da martxan jartzen. Bihar gauerako 97 izango dira prest.

Atzotik haizea gogor jotzen ari da. Matxitxakon, gaueko 22.00etan, orduko 153 kilometroko ufadak izan ziren, Euskalmetek esan duenez.

Eguraldiaren iragarpen zehatza NAIZen webgune berezian kontsulta daiteke.

Errepidean ibiltzekotan, arretaz gidatzeko deia egin dute.