Oihana Llorente Arretxea

Solidarioen ekintzak

Euskal presoak Euskal  Herriratzeko bidean  «urrats txikia» izan direla diote, baina gure memorian oroitzapen handiak iltzatu dituzte. Olentzeroz edo Giraldillaz jantzita, bizikleta gainean edo auto bat irauliz, aldarrikapenak lau haizetara zabaldu eta irriño bat eragin digute.

Giraldilla Sevillan, 1999ko Mundoko Atletismo Txapelketan. (Ander GILLENEA)
Giraldilla Sevillan, 1999ko Mundoko Atletismo Txapelketan. (Ander GILLENEA)

Urte zaharrari agur esan eta lehen mahatsa ahoratu orduko, euskal presoen aldeko azken ekintzaren testigu bilakatu ziren Estatu espainoleko telebista kateei begira zeuden milioika herritarrak. Euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko aldarrikapena presente egon zen Madrileko Puerta del Soleko ordulari entzutetsuan, noiz eta hamabi kanpai-hotsen oihartzunak urte berria iragartzen zuen unean. Ekintzaileak oraindik Madrileko hotela atzean utzi gabe zeudela, Euskal Herrian mugikor batetik bestera saltoka zebilen Whatsappeko irudia zen. Sare sozialetan ere bolo-bolo hedatu zen ekintza. Hala, memoriari bidaiatzeko parada eman eta beste garai bateko desobedientzia ekintzak topatzeko aitzakia bihurtu zen.


 

Giraldilla, Frantziako Tourrean euskal presoen Euskal Herriratzea pedalkadaka galdegin zuen txirrindularia edo Esteban Esteban Nietoren erietxeko irudia euskal herritar ugariren memorian iltzatutako irudiak dira. Nola otu zitzaien, baina, Olentzero Algeciras, La Sante eta Cartagenako espetxeetara bidaltzea? Zer sentitu zuen Atletismoko Munduko Txapelketako maskotaren larruan zegoen horrek? Urte hauetan guztietan buruan izan ditugun zalantzak uxatu eta buzo txuri, hori edo berdearen atzean ezkutatzen ziren gizon-emakumeei eman diegu hitza. Horretarako, garai bateko eta oraingo ekintzaileak mahai beraren bueltan elkartu ditu GAUR8k. Gaztetasunaren freskura dute batzuek, esperientzia handiko hitzak besteek. Neskek eta mutilek. Presoen aldeko Elkartasun Ekintzaileak, Zuzen edo Demoak kolektiboetan parte hartu duten kideak denak.
Aspaldiko lagunak dira batzuk, aurpegi ezezagunak besteak. Adeitasun keinuen eta hemen argituko ez ditugun aurkezpenen ostean, berba jarioa hasi da. Aitzindariek hartu dute hitza lehenik, Presoen aldeko Elkartasun Ekintzaileak taldea osatu zuten haiek.


1997. urtera egin dute atzera, orduko Senideak elkarteak euskal presoen eskubideen alde Gabonetan Arantzazun antolatutako baraualdira, zehazki. «700 bat lagun elkartu ginen bertan, sindikalgintza edo kultur mundutik etorritakoak, senide eta lagunak, baita herritarrak ere. Egun horietan, lantalde txikiak egiten genituen presoen egoera nola gizarteratu eztabaidatzeko. Itoizko solidarioek egiten zituzten ekintzen modukoak egiten hastea atera zen ideia gisa». Ideia Arantzazun gelditu zen, baina gogoaren harra barruraino sartuta atera ziren batzuk.


Hilabete batzuk geroago, 1998ko irailean, Oarsoaldean presoen eskubideen alde aritu nahi zuten herritarrak bildu eta taldetxoa osatu zuten. Errenteriako Pleno Aretoan ere ekimena egin zuten,  Irlandako gatazkaren berri ematen zuen “En el nombre del hijo” filma ipini eta haien antzera mantak soinean ibili ziren erakundean.
Taldearen sorreraren berri izan orduko, Arantzazun ezagututako kide baten bisita izan zuten Oreretan. Plan zehatza zuen buruan: Olentzero Algeciraseko espetxera eramatea. «Pertsona honek leiho bat ireki zuen gure parean, pareta bat hautsi zuen eta Euskal Herritik kanpo gauza handiak egin zitezkeela ikusi genuen», onartu du Arkaitz deituko diogun pertsonak.


Eskailerak furgonetan jarri, Olentzeroren jantziak motxilan sartu eta Andaluzia aldera joan ziren hamaika ekintzaile. Aurretik, baina, egitasmoa diseinatzen lan handia egin zuten. Lehen egitekoa bilatzen duten irudia adostea da. «Abenduaren 24an Euskal Herrian opariak banatzen hasi aurretik, Olentzero Algecirasera joan eta presoak Euskal Herriratzen saiatu zela irudikatu nahi genuen. Hilaren 24ko orduko “Euskadi Información” eta “Egunkaria”-n ateratzea nahi genuen, eta beraz, irudiak 23rako egon behar zuen Euskal Herrian», ekarri du gogora.


Andreak prentsaren ardura zuen garai horretan, eta, edozelako ekintzak hiru esparru zituela ekarri du gogora: azpiegitura, prentsa eta ekintzaileak eurak. Ardatz bakoitzak arduradun bat zuen eta bakoitzak bere alorra kudeatzen zuen. «Ekintzaileak lotu, jantziak, dirua... Diru asko  behar genuen: furgonetak alokatzeko, bidaia ordaintzeko, baita behin baino gehiagotan iraultzeko erabili ditugun kotxeak erosteko ere...», ekarri du gogora.


Desiratutako irudiaren bila
Bezperako gaua espetxe inguruko hotel batean igaro ostean, baserritarrez jantzi, eskailera muntatu eta espetxeko harresira kateatu ziren ekintzaileak. Poliziak harriduraz harrapatu zituzten; ekintzaileak askatu, identifikatu eta alde egiteko eskatu besterik ez zuten egin. «Arazo bat zegoen –esan du barrez Arkaitzek–: guk irudian Olentzero atxilotuta ikustea nahi genuen eta egoera apur bat tenkatu behar izan genuen, Olentzero preso eraman zezaten. Halakoetan guk dugu egoeraren kontrola, badakigu zer egin behar dugun eta zer irudi bilatzen dugun, haiek sorpresaz harrapatzen ditugu».


Andreak gogoan iltzatuta du irudi haren atzeko abentura, garai hartan ez baitzegoen klik egin eta sare sozialetan eskegitzeko aukerarik: «Argazkilari bat eraman genuen Euskal Herritik eta beste pertsona bat mezulari gisa bakarrik etorri zen. Argazkia egindakoan, karretea pertsona honi eman eta Malagaraino kotxez joan zen. Han, aurrez lotuta genuen hegazkinean sartu eta Bilbora iritsi zen. Han errebelatu eta egunkarietako erredakzioetara eraman zuten».


Ederki atera zitzaien lehen ekintza hura eta gehiago egiteko gogoa barruraino sartuta, bueltarako bidea hurrengo ekintza diseinatzeko baliatu zuten.


Estatu espainol edo frantseseko agertokiak buruan zituzten bitartean, Euskal Herrian euren eredua jarraitzen zuten taldetxoak loratzen hasi ziren. Euskal presoen Euskal Herriratzea galdegiteko pegatina zeraman buzo zuria modan jarri zen garai hartan.


«Intsumisio eta desobedientziaren bidea hartuta, ekintza ez-bortitzak eginez giza eskubideen inguruan aritu nahi genuen ­–hasi da azaltzen Arkaitz­–. Beste modu batzuk eta beste mezu bat zabaltzen saiatu ginen. Adibidez, Esteban Nietorekin, «Esteban, te queremos... en casa» leloa erabili genuen, maitasunaz arituz. Hala ere, su-eten garai batean geundela ere esan beharra dago. Egoera politikoak erraztu zigun halako ekintzak egitea eta halako ekintzetan pentsatzea ere, beste egoera batean ez zitzaigun okurritu ere egingo, seguru».


Ados ditu entzule guztiak. «Jendea konbentzitu nahi genuen –gehitu du Andreak–. Euskal presoen herriratzearen alde jende asko zegoen, baina alde zeuden horiek gureganatu eta kontra zeudenak ere urrats bat gerturatu nahi genituen, giza eskubideak jartzen genituen begien aurrean. Modu atsegin batean eta irribarre bat eragin nahian egiten genuen».


1999. urteko uztailean, ekintza entzutetsuena egin zuten. Giraldillarena.


Olentzeroren lehen ekintza hura pentsatu zuen pertsona berak jarri zuen ideia mahai gainean. «Sekulako ideiak izaten zituen, bileraren uneren batean begirada galtzen bazuen, kontuz! Badator ideia! Berak ideia onak zituen, bai, baina gu guztiak azkar motibatzen ginen», ekarri dute gogora irribarre batekin. «Guk ahal genuela sinesten genuen eta dena ondo ateratzen laguntzen zigun izar bat genuela ere bai!», dio barre artean Arkaitzek. Aldartea ikusita, erraz uler daiteke euren lema: ezina ekinez egina.


Ekintza egin aurretik, tokia bertatik bertara ezagutzeko ohitura zuten. Hala, 1999ko ekainean Sevillara joan, handik eta hemendik lotutako kontaktuak ezagutu eta estadioan sartzeko aukera izan zuten. Hamabost bat lagun itzuli ziren uztailean, tartean Giraldillaren bi panpina erraldoiak ere.


Gogoan dituzte ekintza egin aurreko tentsioak. Etxean, telebista aurrean eseri eta zaintza lanetan 3.000 polizia, guardia zibil eta Interpoleko kide egongo zirela entzun zuten. «Ekintzaile guztiak zurbil-zurbil geratu ginen –gogoratu du Arkaitzek–. Bat-batean, baina, gutako batek “¡Cotino ­–orduko Polizia espainoleko burua–, te vas a enterar!” bota eta denak barrez lehertzen hasi ginen. Ez zegoen atzera egiteko inolako asmorik».


Segurtasun kontroletatik behar zuten materiala oharkabean pasatzea erronka handia zen. Horretarako, Andreak gogoan duen moduan, ahalik eta kanpotar itxura handienarekin sartzea erabaki zuten. Barreari ezin eutsirik, buru gainean txalo egiten zuten bi esku zituen txapela nork jarri erabakitzeko egindako zozketa ekarri du gogora. Tentsio eta urduritasunez beteriko une ederrak bizi izan zituztela agerikoa da.


Carlos Herrera aurkezlearekin oholtza partekatzea lortu zuten euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko Giraldillek,  baita euskal herritar askoren memorian tokitxo bat egitea ere.
Ekintza hura askorentzat eredu bihurtu zen. Hala gogoratzen du bederen Peio Etxeberri-Aintxartek, Demokrazia Euskal Herriarentzat (Demoak) mugimenduko kideak: «Borroka armatuaren eta politikagintza klasikoaren artean espazio bat zegoela sinetsita geunden, bortizkeriarik gabe baina era berean erradikalak izango ziren ekintzak genituen buruan eta Giraldillen agerpenak sekulako eragina izan zuen gugan».


Demoak eta Zuzen, elkarlanean
2000. urteko urtarrilaren 6an egin zuen lehen ekintza presoen Euskal Herriratzearen, Euskal Departamenduaren eta euskararen alde aritu nahi zuen dinamika hirukoitz honek. Irudimena eta umorea baliatuz urraketa demokratikoak salatu nahi zituzten horiz janzten ziren Demoek. «Guk ez dugu inoiz estatuekin indar harreman bat bilatu, ez da posible halako ekintzen bidez kartzela politika osoa kolokan jartzea, –esan du ziur Etxeberri-Aintxartek–. Irudi bat bilatzen genuen guk, jendea sentsibilizatu eta gureganatuko zuen irudia bat».


Demoek martxan ziharduten bitartean, Bidasoaren hegoaldeko lurretan Presoen aldeko Elkartasun Ekintzaileak talde hark mugimendu bilakatu nahi zuen Zuzen taldeari pasatu zion lekukoa. Demoek eta Zuzenekoek harreman estua izan zuten hasieratik eta ekintza bat baino gehiago batera egin zituzten. Hala eta guztiz ere, baziren desberdintasunak lapurtarraren begietara: «Guk ekintza xumeagoak egiten genituen, oihartzun mediatiko txikiagokoak, baina baita parte-hartzaileagoak ere».


Etxeberri-Aintxartek gogoan du talde lanean aritzeko zuten modua: «Mugimendua iraunkortzea genuen helburu eta horretarako arriskuak mailakatu eta militanteak nahi adina konprometitzen ziren. Zehazki, 5 maila zeuden: arriskurik ez, identifikatzeko arriskua, atxiloketa, atxiloketa eta epaiketa baten arriskua eta kartzela arriskua. Jendeak nahi zuen mailan ematen zuen izena eta horren arabera prestatzen genuen ekintza».


Ekintzaren aurretik egiten den lana itzela da. Prentsa, azpiegitura eta ekintzaileak eurak lotzeaz gainera, ekimena bera juridikoki ondo aztertzen zuten, arriskuak aurreikusi eta haiek txikiagotzeko. «Dena, baina, kontrolpean edukitzea ezinezkoa da», esan du Iñakik eta Cartagenako espetxetik jaitsarazteko abentura ekarri du gogora: «Mozkortuta zegoen jaitsi nahi gintuen polizia, eta gu hari laguntzen, hura eroriz gero sekulako marroia hartu beharko genuelako gure gain».


Zuzeneko garaietan Iñakirekin batera ibilitako Maitane ere elkartu zaigu tertuliara eta haiek Demoen antzera antolatzen zirela nabarmendu du. Garai horretan «militatzeko modu berri bat» zela ere goraipatu du: «Ordura arte ezagututako taldeetan, kide zinen edo ez zinen, ez zegoen erdibiderik eta hemen maila batean askatasunez erabakitzen genuen».


Biziki gogoan ditu Zuzenen emandako urteak, «intentsu eta eder» gisa gogoratzen ditu-eta; «lagun talde izugarria sortzen da, dena emanda bizi diren momentuak dira, oso une politak eta aldi berean larriak», gehitu du. Presoen aldeko Elkartasuna Taldeko ekintzaileetako batzuk lagunak zituen eta ekintza baten berri zuen bakoitzean «haluzinatu» egiten omen zuen. Zuzenen parte hartzeko gonbita egin zioten eta zalantza izpirik gabe eman zuen baietza. «Oso irudimentsuak ziren ekimenak. Aldarrikatzeko beste modu bat da, manifa-ri begiratu ere egiten ez dionaren aurrean jartzen da mezua halako ekimenenekin, modu atsegin eta politean, gainera», esan du.


Irribarrea ahoan, denek baietz adierazten zuten buruarekin, garaiko pasarteak gogoratzen zituzten bitartean. Etxeberri-Aintxartek, adibidez, «abentura humano» gisa definitu zuen Demoak mugimenduan egindako ibilbidea: «Ez dugu eman bakarrik egiten, jaso ere egiten dugu, asko gainera. Militante mailan formatzen gara, baita pertsona gisa ere. Dimentsio humano hori ezinbestekoa da, oso hotz geratuko litzateke bestela, eta ez ginateke luze arituko».


2005. urtera arteko bidea egin zuten Demoek eta Zuzeneko kideek, arriskuak kontrolpean hartzeko neurriak hartu arren errepresioak gogor kolpatu zituen-eta bertako kideak. Estatu frantsesean, adibidez, ekintza batetik besterako tartean legedia aldatu zuten. Zuzenek eta Demoek Olentzero La Sante espetxera eraman ostean, 2003. urtean Poissyko kartzelara eraman zuten. «Bertan, baina, atxilotu eta lehen falta bat zena delitu bihurtu zutela jakinarazi ziguten. Hegoaldetik etorritakoak askatu ere ez gintuzten egin nahi. Horrek asko zaildu zuen aurrerantzean halako ekimenak egitea Frantziar Estatuan», ekarri du gogora Maitanek.


Milaka pezeta, franko eta ondoren euroko isunak jaso dituzte ekintzaileek. Bidasoaldearen bi aldeetan estrategia desberdinak eraman dituzte hauei aurre egiteko. Demoek isunei kolektiboki aurre egiten zieten; Zuzeneko kideek eta aurretik ibilitako ekintzaileek, berriz, beraien gain hartzen zituzten, taldeak zituen behar ekonomikoak lehenetsiz. Bi estrategiek egokiak ziruditen arren, errepresioak bere estrategia eraldatu zuen. «Dispertsioak eragiten dituen istripuak salatzeko kotxe bat irauli ostean, Demoetako kide bati gida baimena kendu zioten eta lana galdu zuen. Halako neurriekin jendea erre egiten da», ekarri du gogora Etxeberri-Aintxartek.


Oraindik ere gogoz eta ilusioz
Batzuk erre arren, testigua hartzeko gogoz direnak ere badaude. 2012. urtetik hona euskal presoen eskubideen aldeko desobedientzia ekintzak egiten dituen ekintzaile talde bat han eta hemen baitabil. Haiek dira, adibidez, iazko irailean aldarrikapena Bartzelonan jokatu zen Munduko Saskibaloi Txapelketara eraman zutenak, hala nola Donostia Zinemaldiaren atarian Hugh Jackman konbentzitu zutenak.


Aitzindarien antzeko modus operandi-a erabiltzeaz gain, aurrekoek herentzian utzitako ekintzak gauzatzen ari dira. Horietako bat Madrileko Puerta de Solekoa izan da. Mahaiaren bueltan daudenek onartu moduan, behin baino gehiagotan pentsatutako ekintza izan da hori. 2013. urteko Gabonetan egiteko asmoa zutela onartu digute egileek; ordurako hotela lotuta zuten, baina teknologia kontuengatik atzeratu behar izan zuten.


Aurten, baina, egiteko moduan izan dira. Hotela urte berria hainbat hiriburutan grabatu nahi omen zuen Alemaniako produktore baten bidez lotu eta eurak bertako langile moduan sartu ziren. Dirutza ordaindu zuten erloju mitikoari begira zegoen logelagatik, baina ekintza ezin izan zuten ikusi, gelaxka ziztrineko telebista ez baitzebilen.


Barrez dituzte entzule guztiak eta anekdotatxoetarako tartea ere ireki da. Algara gehien eragin dituena Demoek kotxea irauli eta bueltan ekarri behar zutenekoa izan da. Madrileko Genova kalean eta Bartzelonako Diagonalean dispertsioak eragiten dituen istripuak salatzeko kotxe bana irauli ostean, Demoei Parisen berdina egitea otu zitzaien. Kotxea erosi –bestela Poliziak lapurreta leporatzen duelako–, hura irauli, atxilotu eta, komisariatik atera zirenean, kotxea eurekin eramateko agindua eman zien Poliziak. «Aurrealde guztia izorratuta zegoen, kristala erabat apurtuta. Paris inguruan autoak desegiteko zeuden eremu guztietara eraman eta ez ziguten onartzen. 800 kilometro egin genituen auto txikituarekin eta Ipar Euskal Herrira iritsitakoan lore-sorta bat bidali genion kotxearen jabeari, Polizia galdekatzen aritu zitzaiola jakinda barkatzeko-edo», azaldu du.


Hainbat garaitan hainbat talderen izenean egin dituzten ekintzak izan diren arren, bi multzotan banatu dituzte ekintzak ekintzaileek. Jatorrak eta irudimentsuak batetik, eta hor sartu dituzte Giraldillarena, Tourrarena eta Munduko Saskibaloi Txapelketakoa. Beste multzoan egoera larriek eskatutako ekintzak daudela nabarmendu dute. Hala nola, Esteban Esteban Nieto ospitalean larri gaixotuta zegoela haren gelara sartu zirenekoa edo Bautista Barandalla preso gaixoa askatzeko Iruñeko espetxean egindako ekimena.


Oroitzapen, anekdota eta barre artean azaldu dizkigute euren ekimenek emandakoak. Haiek argi dute euskal presoak Euskal Herriratzearen bidean «pauso txikiak» direla beraien ekintzak. Hausnarketa bat mahai-gaineratu dute, baina: «Beti talde txikitan aritu gara. Zer gertatuko litzateke desobedientzia zibila tresna gisa era masiboan erabiliko bagenu?». Horixe ekintzaileek eurek luzatu duten galdera eta gonbita.

 

Ander Gillenea eta Jon Urbe argazkilariak: «Bidaia osoa detaileak errepasatzen ematen genuen, baina inoiz ez genekien gero zer pasatuko zen»